Luis Pareten obra bat dohaintzan emon deutsie Arte Eder Museoari
2018-05-29 12:55 KultureaAmodioaren garaipena gerrearen ganetik 1784ko koadroa da.
Alicia Koplowitz bildumagile handiak Bilboko Arte Eder Museoagaz daukan loturea gehiago estutu dau dohaintza honek, izan be, XVIII. mendeko azken zatiko pintore espainiar ospetsuenetako baten obrea publikoari erakutsi ahal izango deutsie. Izatez, Amodioaren garaipena gerrearen ganetik pieza biko obrea da: Horreetako bat lehendik izan da museoaren bildumearen parte, eta Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital bildumatik datorren hau da bestea. Hortaz, Luis Paretek sortu eban modura, batuta, dago barriro bikotea.
Adituen arabera, 1784an egin eban luneta erako koadro hau Paretek. Hau da, artistea Bilbon egoala. Javier Novo museoko bildumen arduradunak azaldu dauenez, XVIII. mendearen amaierako Bilbo uri bizi-bizia zan merkataritzan, baina alderdi artistikotik ez zan nabarmentzen. Hortaz, Paret Bilbon agertzeak (madrildarra zan baina erbesteratu egin eben) iraultzea ekarri eban urira. Erakunde publikoek zein partikularrek era guztietako enkarguak egin eutsiezen: Iturriak, koadroak eta abar.
Hain zuzen be, Amodioaren garaipena gerrearen ganetik enkargua izan zala uste dabe adituek, ezkongela baten ipintekoa. Koadro bietan agiri diran motiboek eta luneta erako formatuak adierazoten dabe hori. Ganera, behetik gorako perspektiban marraztu zituanez, gelearen goiko aldean ipinteko pentsauta egozala da adituen ondorioa.
Luis Pareten obra oparoan nabarmena da Amodioaren garaipena gerrearen ganetik, Miguel Zugaza Arte Eder Museoaren zuzendariaren arabera. Gaiagaitik eta teknikeagaitik da berezia obra hau, Paret miniaturakaitik eta gabinete-pintureagaitik ezagutzen dogu batez be, eta hau formatu desbardina da. Bilbon egon zaneko sasoiko produkzino artistiko oparoaren erakusgarri da pieza hau, Zugazaren arabera.
Pozik agertu da zuzendaria obrearen aurkezpenean. Batetik, Alicia Koplowitzek maila honetako dohaintza bategaz museoari deutsan kariñoa erakutsi dauela dino Zugazak. Bestetik, obra bikotx hau barriro batuta ikustea be garrantzitsua dala dino. 1965ean ikusi ziran biak batera azken aldiz eta, ondoren, bildumarik bilduma ibili dira, bakotxa bere aldetik. Bikoteko koadroetako bat Arte Eder Museoak erosi eban 1999an eta bestea Alicia Koplowitzek, 2017an, Bilbora eroateko asmoz.
Almudena Ros Koplowitz bildumako konserbatzaileak azaldu dauenez, koadroa merkaduan egoala jakin eta berehala hartu eben erosteko erabagia. Bilboko Arte Eder Museoari dohaintzan emotearen atzean, arrazoi bi dagoz: Batetik, Luis Paretek XVIII. mendean egindako koadro bikotea barriro batzeko. Bestetik, Bilbo leku aproposa dalako, artelana urian sortua da eta.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gogoratu dau hau ez dala museoak Alicia Koplowitzen bildumako piezaren bat erakusten dauen lehenengo aldia. Orain dala ia urtebete, erakusketa oso bat eskaini eutsien. Oraingo honetan, Pareten obrea 110 urte 110 artelan erakusketearen barruan sartu dabe eta, hortaz, aurrerantzean 111 artelan izango dira.
Bilboko Arte Eder Museoan dagoan Pareten zortzigarren obrea da Amodioaren garaipena gerrearen ganetik. Javier Novok adierazo dau museoak apustu sendoa egin dauela artista horren lanak batzeko, eta dohaintza honek asmo hori indartu dau.
Beste alde batetik, Luis Pareten artista garaikide bati eskaini deutso Arte Eder Museoak aurtengo erakusketa handietako bat, Francisco de Goyari. Atzo zarratu eben eta museoak emondako datuaren arabera, 95.000 bisitarik ikusi dabe. Goyaren 32 koadro eta haren sasoiko artisten beste 64 egon dira erakusketan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!