IX. Zirkualde Bilbon

Bizkaie! 2018-05-29 12:31   Kulturea

Zirkualde bagilaren 1ean jarriko da martxan, arratsaldeko 19:00etan, Cabaret De Mar a Mar-egaz. Marie-Céline Daubagnaren zuzendaritzapean


Zirkualde
k, zirkuko diziplinetan espezializautako baina antzerkiagaz, umoreagaz, clownaren olgeteagaz edo akrobaziakaz buztarketea egiten daben zortzi konpainiaren ikuskizunak eroango ditu Errekaldera, maiatzaren 31tik bagilaren 3ra; lau Euskal Herrikoak izango dira, beste bat Arago, Katalunia eta Frantziako artistek osotutakoa, eta beste hirurak Gaztela eta Leon, Madril eta Andaluziakoak. Edozelan be, aurrerapen lez, Errekaldeko Liburutegiak familia osoari zuzendutako saio berezia jasoko dau eguenean,  Zirkozaurre Taldearen Vademekun ikuskizunagaz.
    
Ekimenaren helburua, gure uriko kaleak animu eta herritarrei kaleko arte eszenikoak hurreratzea da, oraingo honetan, zirkuko arteetan oinarritutako programearen bitartez.



Programazinoaren barruan, mueta askotako ikuskizunak dagoz, zirku tradizionalaren onena, akrobaziak, malabarrak edo orekak, kaleko antzerkiagaz, zuzeneko musikeagaz, clown lanagaz, umoreagaz, jantza akrobatikoagaz edo aireko olgetakaz buztartzen dituen zortzi konpainiaren eskutik.

Kontuak kontu, Zirkualde barikuan, bagilaren 1ean jarriko da martxan, arratsaldeko 19:00etan, Cabaret De Mar a Mar-egaz. Marie-Céline Daubagnaren (Frantziako Tolosako Le Lido Zirku eskolea) zuzendaritzapean, Aragoiko, Kataluniako eta Okzitaniako (Frantzia) zortzi artistak, mugaz gaindiko lurraldean birea egiten dagoan diziplina anitzeko kabareteko sei pieza aurkeztuko ditue.

Egun horretan bertan, arratsaldeko 20:00etan, La Nórdika andaluziarren txandea izango da, Rojo estándar! lana Errekaldera ekarriz. Ikuskizun horretan, izaki bi kontrajarri, surrealismoak inguratutako eszena batean egongo dira, koloreek markauko dabe erritmoa, eta zirkuak eta jantzeak gidatuko daben maitasuna funtsezko pieza izango da ikuskizun osoan.

Zapatuan, leku berean, Errekalde plazan, programazinoa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, bata bestearen ondoren eskainiko diran hiru ikuskizunakaz, oso proposamen eszeniko desbardinak aurkeztuko dituen Tiritirantes (Gaztela eta Leon), Pass & Company (Madril) eta Aimar & Cía (Euskadi) konpainien eskutik.

Tiritirantes taldeak A su servicio en la calle eskainiko dau 19:00etatik aurrera, Gran Hotel Paraíson girotutako ikuskizuna.

Arrastiko 20:00retan, Aimar & Cía taldearen txandea izango da, Etxea / Casa / Home ikuskizunagaz. Protagonista, bere habia eregiteko hazkunde pertsonal bidaian bere mamuei aurre egin behar deutsen pertsonaia bitxia da.

Aurrerago, 20:45ean, Pass & Company madrildarra helduko da Errekaldeko plazara, Juguete Roto 3p0 ikuskizuna eskaintzeko; hiru pailazoak malabarista, akrobata eta ekilibrista be badira.

Zirkualde domekan amaituko da, euskal bi taldegaz; Nimú Ciak Ni Pies Ni Cabeza aurkeztuko dau, clown, hari lasai eta objektuen manipulazino teknikak dituan oso ikuskizun berezia. Amaierea, barriz, El Gran Rufusen eskutik etorriko da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera eskainiko dauen Pink Impact ikuskizunagaz. Ramiro Vergaz Criadok zuzendutako lanak arrosa koloreko bizitzea biziteko konbita dakarsku, beti agindu euskuen baina sinistu nahi izan ez genduan bizitza hori.



Informazino gehiago hemen.

Programazioa osotzeko, Rekalde Bihotzean alkarteak pintxo lehiaketea, Pintxo Zirko, antolatu dau bagilaren 1etik 10era, inguruko ostalaritza lokalen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu