Bizkaiko hondartzen denporaldia barikuan hasiko da
2018-05-29 09:44 Kulturea273 behargin arduratuko dira segurtasunaz eta garbitasunaz.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2018ko hondartzen denporaldia aurkeztu dau eta erabiltzaileei zerbitzu ona emoteko baliabideen ganeko azalpenak emon ditu Elena Unzueta Ingurumen diputaduak. Danetara 5,7 miloe euroko inbersinoa egingo dabe, aurreko urteetan erabiltzaileek emondako nota onari eusteko asmoz.
Unzuetak gogoratu dauenez, aurreko urteetan 10etik 7,85 puntu emon deutsez erabiltzaileek Bizkaiko hondartza ereduari. Segurtasuna (8,68) eta garbitasuna (7,93) dira ondoen balorautako alderdiak. Kalidade-estandar horreei eutsi nahi deutsegu eta, ahal dan neurrian, hobetu. Ahalegin handia egiten dogu hondartzen garbiketea eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, adierazo dau Ingurumen diputaduak.
Bagilaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaituko dan denporaldi honetan, kontuak kontu, 273 lagun ibiliko dira Bizkaiko hondartzetan beharrean. Batetik, 154 sorosle arduratuko dira uretan zein hondarrean dagozan personen osasunaz; 30 hondartzainek segurtasuna jagongo dabe; eta, azkenik, garbitasuna 89 beharginen esku egongo da. 24 sorospen-postu ipiniko ditue.
Hondartzearen tamainuaren eta joaten dan jentearen arabera, leku batzuetan sorosle gehiago egongo dira beste batzuetan baino. Esate baterako, La Arenan, Arrietara-Atxabiribilen eta Bakion zazpina lagun egongo dira. Areetan, Muriolan, Armintzan, Aritzatxun, Laidatxun, Toñan, Ean eta Arrigorrin, bina.
Sorosleek erreskateetarako erabiliko daben materialari jagokonez, honakoak izango ditue: lau salbamendu-ontzi, ordezko zortzi ontzi (Bilbo, Getxo, Bermeo eta Ondarroako biltegietan); 4 ur motor eta ordezko beste bost; 3 quad eta erreskaterako 9 buggy; lur orotako hiru ibilgailu; 7 turismo elektrikoz, hibridoz eta gas-turismoz osotutako flota ekologikoa; 14 zaintza torre; 40 desfibriladore erdiautomatiko; 30 glukometro; 40 pultsioximetro; 40 immobilizazino-esku ohe eta bihotz-biriketako bizkortzerako 30 neurgailu.
Ume Galduak eskumuturreko zerbitzua barriro egongo da martxan hondartza guztietan. Horren helburua hondartzetan galtzen diran zortzi urtetik beherako umeak identifiketea da.
2003. urtean hasitako Hondartza Denontzat aurten be martxan egongo da garagarrilean eta abuztuan Ereaga, Plentzia, Gorliz, Laidatxu, Lekeitio eta Ondarroako hondartzetan. Bestetik, Hondartza Bizi, Zierbenako Udalak diruz lagundua, La Arenan egingo dabe, bagilaren 28tik irailaren 18ra bitartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!