Mezu itxaropentsuagoa dakar Markos Untzetak disko barrian

Bizkaie! 2018-05-28 12:11   Musikea

Esku Hutsik bandeagaz grabau dau Eguzki gorri bat lana.

Markos Untzeta (argazkia: Gaztelupeko Hotsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

2014an, bakarka, ikutu iluneko Seinaleak diskoa plazaratu eban Markos Untzetak eta oraingo honetan kontrapuntua ipini deutso orduko lan hari, izan be, argitsuagoa eta itxaropentsuagoa da Eguzki gorri bat, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak azaldu dauenez. Eibartarraren bosgarren diskoa da.

Azken urteotan zuzeneko kontzertuetan lagundu deutsan bandeagaz batera grabau dau Untzetak disko barria. Esku Hutsik izeneko talde horretan Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa), Anjel Ituarte (baxua) eta Iñaki Belaustegi (bateria) dagoz. Tio Pete estudioetan egin dabe grabazinoa, Unai Mimenza teknikariak lagunduta.

Eguzki gorri bat diskoan denporearen iragateaz eta momentu gozoen igeskortasunaz berba egiten dau Untzetak. Umezaroa eta Eibar jaioterria gogora ekarten ditu beste abesti batzuetan. Gai unibersalak be jorratu ditu, esate baterako, maitemina eta adiskidetasuna.

Beste disko batzuetan kolaboratzaile ugari izan baditu be, orain bandearen nortasuna indartu nahi izan dau Untzetak: Soinu oinarrizko eta zuzenago baten alde egin dau, diskoetxearen arabera.

Zuzeneko emonaldiak be emoten dabil eibartarra, diskoa aurkezteko. Hurrengoa Bilbon izango da, bagilaren 1ean, Bilboko Cotton Club aretoan (20:00).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu