Gozategik 'G Puntua' diskoa plazaratu dau

Bizkaie! 2018-05-28 07:54   Musikea

Betiko doinu baikorrei eutsi deutse Orioko taldeak.

Donostian aurkeztu dabe disko barria (argazkia: Gozategi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mende laurena daroa Gozategik Euskal Herriko plazak alaitzen eta disko barriagaz garbi itxi dabe horretan segiduteko asmoa dabela, G Puntua kantu baikorrez betetako diskoa da, aurreko lanen jarraipena, taldekideen esanetan. Bizitzea alkartasun kalejira handi bat dala dinoe, eta diskoa horren erakusgarri dala.

Danetara, 13 kantu barri dakarz Elkar argitaletxeagaz plazaratutako lan barriak. Umorea, maitasuna, adiskidetasuna, kritika soziala, behartsuenen aldeko jarrera, euskerearen aldeko aldarrikapena… ikutu hunkigarri batez tratau ditue. Gozategiren zortzigarren diskoa da hau baina betiko ilusinoari eutsi deutsie.

Herriko plazea da Gozategiren ingurune naturala: herriaren lekurik garrantzitsuena eta, modurik zabalenean ulertuta, demokratikoena be bada plazea, adierazo dabe taldekideek. Bertara, edade, kolore, genero eta idea ugaritako herritarrak batzen dira, euren kezkak, pozak, bildurrak, gaitasunak eta pentsamenduak alkarregaz partekatu eta herriaren bizitzeagaz aurrera egiteko.

Jairik jai eta plazarik plaza ibilteko gogoz dagoz Gozategikoak. Agendan hainbat hitzordu daukiez dagoeneko, G Puntua-n batutako abestiak jenteari hurreratzeko. Bagilaren 9an, Amorotoko Oleta auzoan joko dabe eta 16an, Igorren. Ondoren, 30ean, Mundakan izango dira. Garagarrilaren 4an Amorotora helduko dira G Puntua-ren doinuak. Bizkaian segiduko dabe hil horretan: Busturia, Markina... eta beste herrialde batzuetan be ibiliko dira, esate baterako, Etxarrin, Mendaron eta Azpeitian.

Kontzertu guztien zerrendea, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu