Zunda metereologiko bat estratosferara bota dabe Kurutziaga ikastolakoek
2018-05-25 10:37 KultureaDBH-ko ikasleek egin dabe Txotxe, eta zapatuan ia 35.000 metrora heldu zan.
Fisika ikasgaiko proiektua abentura harrigarri bihurtu dabe Durangoko Kurutziaga Ikastolako sei ikaslek. Txotxe izeneko zunda metereologikoa eregi eta airera bota dabe, arrakasta handiz: Estratosferaraino igon, bertan datuak batu eta arazo barik lur hartu eban, zapatuan egindako esperimentuan.
Beñat Igarza, Xabier Goiri, Paul Alberdi, June Azkarate, Ander Rubio eta Aritz Corpion, DBH-ko 4. mailako ikasleak, dira Txotxe sortu daben sei ikasleak. Eskola orduetatik kanpoko momentuak erabili ditue horretarako. Eurei laguntzen, Eider Gotxi eta Dorkaitz Basarte irakasleak ibili dira eta, jaurtiketarako, Unai Mendez ikastolako informatikaria eta Alberto Diez irrati afizionadua be inguruan izan ditue.
Neurketa metereologikoak egiteko tresnak ez eze, GPS-a ipini deutsie Txotxe zundeari eta, hortaz, hegaldiko datu zehatzak daukiez. Zapatuan egindako jaurtiketan, 31.000 metroraino igotea zan asmoa, baina ia 35.000 metrora be heldu zan. Ondoren, heliozko globoa lehertu eta paraxutari esker gozo-gozo lurreratu zan. Durangon aireratu eta Eskoriatzan jausi zan, egoera onean.
Kurutziaga ikastolako ikasle gazteek dinoe esperientzia aberasgarria izan dala hau, eta hurrengo ikasturteetako neska-mutilak animau ditue halako proiektuetan parte hartzeko.
Kontuak kontu, Txotxe zundeari kamarea ipini eutsien, eta airetik irudi ederrak hartu zituan, ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!