Antzerkialdia egingo dabe lehenengoz Bilboko Campos Antzokian
2018-05-25 10:30 KultureaEuskal produkzinoa bultzatzea helburu, hiru emonaldi egingo ditue bagilaren 8tik 10era.
SGAE Fundazinoak Antzerkialdiaren lehenengo edizinoa antolatu dau, euskal antzerkigileen obra barrienak erakutsi eta bultzatzeko ekimena. Hiru egunetan, bagilaren 8tik 10era, beste horrenbeste obra eskainiko ditue Bilboko Campos Antzokian. SGAEren euskal adarrak izentautako batzorde batek aukeratu ditu hiru antzezlanak: El Chef (Erre Produkzinoak), Etxeko saltsak (Txalo) eta Euria (Markeliñe).
Ordubete inguruko obrak dira hirurak eta 20:00etan hasiko dira saioak, azken egunekoa kenduta, hori 19:00etan hasiko dalako. SGAEk jakitera emon dauenez, askotariko obrak aukeratu nahi izan ditue eta, hizkuntzearen aldetik, behinik behin, danetarikoa egongo da: Gaztelaniaz (El Chef), euskeraz (Etxeko saltsak) eta keinu bidezko antzerkia (Euria).
Bagilaren 8an, barikuan, emongo dabe El Chef, David Caíñak idatzia eta Gorka Mínguezek zuzendua. Sukaldeagaz lotutako istorio honetan, usainek, gustu edo saboreek eta testurek pertsonaien sentimenduakaz bat egiten dabe. Erre Produkzinoak etxearen lan honen erabateko estreinaldia hartuko dau Campos Antzokiak.
Bigarren egunean, Txalo konpainiak Etxeko saltsak aurkeztuko dau Bilbon, Relativity Speaking antzezlanaren euskerazko egokitzapena. Pertsonaien arteko txarto-ulertuetan oinarritutako endredozko komedia da. Begoña Bilbao da zuzendaria, eta aktoreak Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino.
Azkenik, hilaren 10ean, Markeliñeren produkzinoa: Euria izango da Camposen ikusgai. Umeei zuzendutako keinu bidezko ikuskizuna da, zailtasunak gainditzeko bakotxak daukan gaitasunaren ingurukoa. Fernando Barado, Itziar Fragua eta Natalia García dira aktoreak.
Antzerkialdia zikloaren helburu nagusia Euskal Herrian egindako antzerkia sustatu eta gizarteratzea dala dinoe antolatzaileek. Produkzino barriak, oraintsu sortuak, bilatu ditue lehenengo edizino honetako programazinorako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!