Jorge Oteizaren 40 urteko ibilbidea, Bilbon

Dabi Piedra 2018-05-24 12:47   Kulturea

Bilduma pribaduetan gordeta egon diran hainbat pieza batu ditu Michel Mejuto galeriak.

Garagarrilaren 27ra bitartean, Jorge Oteizaren obrearen zati bat herritar guztien eskura egongo da Bilbo erdi-erdian, Juan Ajuriagerra kaleko Michel Mejuto galerian. Hainbat urteko ahaleginari esker, bilduma pribaduetan egon diran piezak eskuratu ditu erakusketa honetarako. Oteizaren ibilbidearen hasieratik amaierara arteko lanak dagoz, estilo eta formatu askotakoak, abstraktuak zein figuratiboak.

Gure galerian hauxe da urteko erakusketa nagusia, azaldu dau Michel Mejuto galeriako buruak. Oteizak 1951 eta 1992 artean egindako 17 eskultura figuratibo, hamar abstraktu eta hamabi medailoi dagoz ikusgai. Brontzean egindako medailoi horreek izan ziran Oteizaren azken lan figuratiboak. Dana dala, Mejutok azaldu dauenez, Oteiza behin eta barriro bueltetan zan lehenago landutako formetara eta, hortaz, denporan nahasten dira obra figuratiboak eta abstraktuak.

Hori dala eta, ez dau erakusketea era kronologikoan antolatu. Piezen arteko bestelako alkarrizketa bat bilatu dau. Galeriako aretoetan ibilita, bisitariak Oteizaren lanaren ikuspegi orokorra izango dau, era askotako obrak dagoz eta: Arantzazu ziklokoak (Arantzazuko basilikako moltso eskultorikoan erabili zituanen aurrekariak), kutxa metafisikoak, klariona-laborategikoak eta abar. 

Obrak topau eta aukeratzen lan handia egin dau Mejutok, bisitariak 40 urte baino gehiagoko ibilbide artistikoa ezagutu daian, baina galeria obra gehiegiz bete barik. Orain dala bost urte be, Oteizari eskainitako beste erakusketa bat egon zan galerian, eta horrek lagundu deutso bildumazale pribaduakana errazago heltzen.

Era horretara, luzaroan gordeta egon diran obrak eta, kasuren baten, sekula publikoari erakutsi bakoak argitara ekarri ditu Michel Mejutok. Hori be bada helburuetako bat, hau da, publikoari ondare hau erakustea eta bildumazaleen, adituen eta abarren eskura jartea. Galeria baten dagozan ezkero, obra gehienak, ikusgai ez eze, salgai be badagoz. Irailean Madrilera eroango dau Mejutok erakusketea.

Katalogoa argitaratu dau galeriak papelean, obra guztien azalpenagaz eta Alfonso de la Torrek idatzitako testu mamintsu bategaz. Oteiza energia eta etika handiko artistea izan zan, aitatu dau De la Torrek, eta artearen historian izan dauen eragina nabarmendu: XIX. mendea amaitu barri jaio zan, XX. mendean egin eban lan eta gaur egun, XXI. mendean, oraindino eredu da.

Jorge Oteiza (Orio, 1908-Donostia, 2003) euskal artearen figura nagusietako bat da. Alderdi artistikoan zein teorikoan ekarpen esanguratsuak egin zituan, 1950eko hamarkadan hasita. Arantzazuko basilikan egindako eskulturak, hutsaren inguruko gogoetak eta sano ospetsuak dira. Eskulturan ez eze, pinturan, antropologian, zineman eta beste arlo batzuetan be ibili zan.

Michel Mejuto galeria, ostera, 1984an sortu eban izen bereko jaubeak. Euskal artea dau gai nagusia, batez be,1850 eta 1936 bitarteko obrak. Horrezaz gan, bilduman ditu abangoardiako autoreak, Nicolas de Lekuona buru, eta 1950etik aurrerako abstrakzinoaren maisuak, nabarmenena Jorge Oteiza bera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu