Getxolinguae Bilbon, Irakurketa Plana eta ikasleen irakurzaletasuna ardatz
2018-05-24 11:21 Kulturea250 hizkuntza-irakasle inguru alkartu ditu jardunaldiak, Bilbon.
Gaur goizean emon deutsie hasierea 2018ko Getxolinguae jardunaldiari Bilbon, Getxoko ohiko kokalekua lagata. Irakurketa Plana gure ikastetxean: irakurzaletasuna sustatzen… irakurketaz gozetan! goiburu nagusi hartuta, lan-saio guztiek ikastetxeko Irakurketa Plana eta ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko estrategiak izan ditue ardatz eta Hezkuntza Sailaren Barritzegune Nagusiak atonduta, 250 hizkuntza-irakasle batu dira bertan.
Hasierako berbaldian, irakurmenak funtsezko komunikazino-trebetasun moduan dauen garrantzia nabarmendu dau Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, norberaren garapen personal eta sozialerako, baita, jakina, ezagutzak eskuratzeko be, azaldu dau. Irakurketea, irakurtea baino askoz gehiago da eta hori holan, eta zuek dakizue inork baino hobeto, irakurmenari buruzko lana ikastetxe guztietan egin behar da, modu sistematikoan egin be, esan deutse irakasleei. Arlo, ikasgai eta eremu guztietan, bai eta ziklo eta etapa guztietan be, ikasle guztiei irakurle trebeak izaten laguntzeko jarduerea atondu eta planifikatuen bidez. Lan horretan guztian irakasleok zarie, beste behin be, giltzarri. Baina zuen lanak tresna egokiak behar ditu, zuen ahaleginak helduleku sendo bat izan daian, azaldu dau, Sailak martxan jarri dauen Irakurketa Plana eta hau garatzen laguntzeko sortu dauen Irakurgunea web ataria berbagai hartuta.
Irakurmenak eskola-emoitzakaz dauen lotura zuzenari be heldu deutso Uriartek, irakurketearen plazerra ahaztu barik. Ikasleak irakurketaz disfrutetea lortu beharko leuke.
Edegiera ofizialaren ondoren, Irakurgunea webgunearen ezaugarri nagusiei buruzko berbaldi praktikoa hasi da, ikastetxe bakotxak bere Irakurketa Plana osotu daian Hezkuntza Sailak abian jarri dauen baliabide digitalaz. Izan be, joan zan urtarrilean EAEko Irakurketa Plana aurkeztu ondoren, ikastetxeek nork bere plana diseinau eban, edo diseinetako lanean ibili dira. Barritzegune Nagusi, Gasteizko Barritzegune eta Donostiako Amara Berri ikastetxeko arduradunek emon ditue azalpenak eta zalantzak argitu.
Jardunaldia osotuteko, Getxoko Aixerrota institutuko eta Markinako Bekobenta eskolako ordezkariek euren praktika onak ganerako irakasleakaz partekatuko dituela iragarri dabe, ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko burutzen dituen ekimenak azalduz. Azkenik sei tailer praktiko be egongo dira. Honeetan, parte-hartzaileei ikasleen artean irakurteko ohiturea sendotzeko hainbat metodologia eta estrategia azalduko jakez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!