Ekintza ugari Gernikako Andra Mari Koralaren 40. urteurrenean
2018-05-24 09:32 MusikeaZapatuan, hilaren 26an, kontzertu berezia eskainiko dabe.
Gernikako alkarte enblematikoenetako batek, Andra Mari Koralak, 40 urte beteko ditu aurten. Hori ospatzeko egitarau zabala atondu dabe, zapatu honetan hasita eta 2019ra arte. Jarduerak aurkezteko agerraldian, Koraleko presidente Denis Azkarate eta zuzendari Carolina Fetescu egon dira, baita Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariak be.
Fetescuk azpimarratu dauenez, 1978an sortu zanetik izandako baloreei eutsi deutse Koralak 40 urteotan: Laguntasuna eta parte-hartzea bultzatzea eta talentu artistikoa ez eze, kide bakotxaren alderdi personala garatzea. Gogoan izan behar da Andra Mari Koraleko abeslariak amateurrak dirala eta, hortaz, euren eskuzabaltasuna txalotu dau Iñigo Magunagoikoetxea Udaleko Kultura zinegotziak.
Parrokiako koruan oinarrituta, Jose Antonio Arana Martija izan zan Andra Mari Koralaren bultzatzaile eta lehenengo zuzendaria. Carolina Fetescu laugarren zuzendaria da 40 urteko historian. Lau hamarkadako ibilbidea beteta, alkarte heldua da Korala, Fetescuren ustez. Urte honeetan guztiotan izandako gorabehera guztiei aurre egin deutsiela nabarmendu dau, bertako kideen ahaleginari esker.
Kontuak kontu, programa zabala atondu dabe 40. urteurrena ospatzeko. Maiatzaren 26an, zapatuan, emonaldi berezia egingo dabe Elai-Alai aretoan, ospakizunei ekiteko. Herritik kanpo ibiliko dira gero, bagilaren 23an, Mundakan eta 30ean, Parisen; azken hitzordu horretan, Parisko Euskal Etxeko Gernika koruagaz batera kantauko dabe.
Garagarrilaren 14an, beste efemeride bat, Andra Mari parrokiako organuaren mendeurrena, ospatuko dabe, Urdaibaiko Organuak zikloaren barruan. Benantzi Bilbaok, organua joten, lagunduko deutse Koraleko abeslariei.
Udagoienean be hainbat kontzertu aurreikusi ditue: Gasteizen bat, Lautadako Orkestreagaz eta Mairu abesbatzeagaz batera; eta Gernikan beste bat, solidarioa. 2019an amaituko dabe urteurrenagaz lotutako programazinoa, Agurainen.
Carolina Fetescuk azpimarratu dau harro dagoala Koralak 40 urte bete ditualako. Kontzertuetako errepertorioetan konpositore klasikoen piezak interpretauko dituela aurreratu dau, baina sortzaile modernoak be ez ditue ahaztuko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!