Nazinoarteko bira luzea hasi dau Korrontzik
2018-05-24 08:14 MusikeaEuskal doinuak Austria, Txekia, Cabo Verde, Reunion eta beste herrialde batzuetara eroango ditu.
Mundu guztian ibiliko da Korrontzi taldea hurrengo hileetan, hasi barri dauen biran agenda bete-betea dauka eta: 60 kontzertu inguru. Batzuk hemen inguruan izango dira, baina atzerrira be sarri urtengo dau Agus Barandiaranek gidatutako bandeak: Austria, Erresuma Batua, Katalunia, Txekia, Normandia, Cabo Verde eta Reunion ugartea aitatu ditue. Folk jaialdi batzuetan be parte hartuko dabe. Mila kilometro euskal musikea ezagutzera emon eta tokian tokiko erritmo eta soinuakaz bat eginez, adierazo dabe ohar baten bidez.
Korrontzik era askotako ikuskizunak ditu eta lekuaren arabera eskainiko dau bat edo bestea. Ganera, kasu batzuetan kontzertua hartuko dauen herrialdeko jantzari zein musikariakaz igongo dabe oholtzara, hemengo eta hango doinuak buztartzeko.
Bestetik, Euskal Herrian emongo dituan kontzertu asko herrietako jaietan izango dira. Hain zuzen be, etxetik hur ibili dira azken hitzordu bietan: Bilboko errugbi finaletan eta Herri Urratsen. Bireak, ganera, badauka beste bitxikeria bat: Korrontzik Donostiako Zinemaldian film bat aurkezt eta horren soinu bandea Getxoko Folk Jaialdian estreinauko dau.
Korrontzi taldea 2004an sortu eban Agus Baradiaranek, Mungian, Euskal Herriko musika tradizional eta herrikoiari bultzadea emotea helburu. Antxinako doinuetan babestutako Euskal Herriko folk musikeari gaurkotasuna emon deutso Korrontzik, baina beti trikitia oinarri dala. Zuzeneko ikuskizunak dira taldearen jarduerearen ardatza, baina disko ugari be plazaratu ditu, azkena 2017an, Korrontzi Benefic.
Zuzeneko emonaldietarako formatu bat baino gehiago ditu Korrontzik. Korrontzi Jantzan izenekoan, lekuan lekuko jantzariakaz batera egiten dabe ikuskizuna. Korrontzi Band dalakoan, ostera, musika bandak izaten ditue alboan. Azkenik, Korrontzi Galbahea-n Orkestra Ciudad de Pamplonagaz eta Leinua konpainiagaz batera agertzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!