'Gregorio Katarrino' ipuina dakarre Juan Kruz Igerabidek eta Eider Eibarrek
2018-05-23 11:52 KultureaElkar argitaletxeagaz kaleratu dabe gaztetxuentzako liburua.
Gregorio Katarrino ipuinak errealidade bi jasoten ditu: alde batetik, eguneroko giroa erakusten dauena eta bestetik fantasia eta amesarena. Hori guztia ispilu batek banatzen dau.
Istorio honen bidez, espilu-joko bat egiten dabe Juan Kruz Igerabide idazleak eta Eider Eibar ilustratzaileak: Gregorio mutil kozkorrak espiluan bere burua tximino katarrino bihurturik ikusiko dau. Haren lekua hartu, eta, Alizia moduan, espiluaz bestalde dagoan herrialde miresgarri batera joango da. Era berean, katarrinoak Gregorioren lekua hartuko dau, eta haren tximinokeriek inguruko guztiak, etxekoak, eskolakoak nahiz lagunartekoak, asaldatuko ditue, ia zoratzeraino. Gregorio espiluaren beste aldera zelan itzuli da istorio honen giltzarria.
Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) Euskal Herriko Unibersidadeko irakaslea da Euskal Filologia sailean eta bertan, Mikel Laboa Katedrearen zuzendaria be izan da. Bere ibilbidean literatura unibersaleko hainbat liburu euskeratu ditu eta umeentzako eta helduentzako berrogei liburu inguru idatzi, horreen artean aitagarriak dira, besteak beste, Begi-niniaren poemak, Botoi bat bezala, Egun osorako poemak eta beste, Haur korapiloak, Printze txiki-txikiaren itzulera, Munduko ibaien poemak, Hosto gorri, hosto berde, Begi loti, Mintzo naiz isilik, eta Gorputzosorako poemak.
Eider Eibarrek (Bilbo, 1980) Arte Ederrak ikasi zituan EHUn eta Animazino Masterra Bartzelonan. Ilustrazino eta animazino lanetan dihardu Dirudi taldean. Marrazkiz jantzi ditu liburu ugari: Egizu lo (2005), Olentzeroren malutak (2007), Malanjel pirata (2009), Atzeraka nabil (2010), Kanpokoa naiz, eta zer? (2010), Azazkalak jaten ditut, eta zer? (2011), Ez dago argi (2012), Urrezko orrazia (2012), Kaiuko bat elurretan (2013), Errotondan bueltaka (2015) eta Mila bidaia munduko sukaldeetara (2017).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!