Galdakaoko Kaiola Festibala, musika alternatiboaren topaleku

Bizkaie! 2018-05-22 10:58   Musikea

Zapatuan, hilaren 26an, egingo da festibala eta bertoko eta kanpoko taldeek parte hartuko dabe.

Ohikoak ez diran proposamenak zaleei hurreratzeko eta musika alternatiboaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz sortu zan orain dala urte bi Kaiola Festibala.

Aurten Erresuma Batuko taldeak izango dira: Volcano the Bear eta Vibracathedral Orchestra. Talde biak, hurranez hurran, Manchesterren eta Leicesterren sortu ziran. Ibilbide paralelo samarra izan badabe be, bakotxa bere soinu-paleta bakarra sortzen ibili dala dinoe Kaiola jaialdiko arduradunek. Nabarmendu dabenez, Ingalaterrako underground musikearen erreferenteak dira eta antzeko musiken eragina dabe, folka, jazza, inprobisazinoa, rock esperimentalena, antzerkia...

Japonia eta New Yorketik beste alde batetik, biko formatuan datoz Otomo Yoshihide musikaria eta Chris Pitsiokos saxofonista gaztea. Lehenengoa erreferentea da jazzaren munduan, inprobisazinoan, objektuen manipulazinoan, biniloak erabiliz, gitarreagaz eta beste hainbat elementugaz. 1970eko hamarkadan, Japonian hasi zan mobimentuko musikari handienetako bat da.

Yoshihidek eta Pitsiokosek alkarregaz hainbat klubetan jo ondoren, Europatik tour txiker bat egitea erabagi dabe, aparteko lekuetan joteko asmoz.

Euskal Herriko taldeakaz lan egiten jarraitzeko asmoa azaldu dabe antolatzaileek, baina, aldi berean, euren antzeko filosofia izan beharko dabela azpimarratuz. Esangura horretan, Berako Borrokan taldeak joko dau Galdakaon. 1990eko hamarkadearen amaieran sortu zan, ez dauka diskografia zabalik, baina erabat desbardina eta personala dan ondarea sortu dau.

Berako taldeagaz batera, Ero Ni be igongo da oholtzara zapatuan. 2000. urte hasieran sortu zan talde hau, Bap taldeko kide ohiek osotuta. Musikea ikusteko modu berezia sortu dabe.

Kontuak kontu, maiatzaren  26an, Galdakaoko Torrezabal kultura etxean izango da hitzordua, 21:00ean hasita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu