X. Bizkaidatz lehiaketea abian

Bizkaie! 2018-05-22 10:03   Kulturea

Bernardo Atxagak eta Itziar Minguezek hasitako istorioak amaitu behar ditue parte-hartzaileek.

Literaturea eta irakurzaletasuna bultzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dauen jarduera ezagunenetako bat da Bizkaidatz lehiaketea. Helduentzako modalidadean, 10. edizinoko deialdia zabaldu dabe egunotan, 16 urtetik gorakoei zuzenduta.

Aurreko edizinoetan legez, idazle ezagunek hasitako istorioak amaitzea izango da parte-hartzaileen zeregina. Ohiko moduan modalidade bi egongo dira: euskeraz eta gaztelaniaz. Euskerazkoa aukeratzen dabenek Bernardo Atxagaren Istripua testua irakurri beharko dabe, eta gero horren jarraipena idatzi. Irakurri hemen.

Gaztelaniazko istorioaren hasierea, ostera, Itziar Minguezen ardurea izan da aurten. Escape izeneko testua idatzi dau. Irakurri hemen.

Bizkaian erroldautakoek parte hartu leikie sariketan, nahi beste testu aurkeztuta. Irailaren 20ra arte egongo da epea zabalik, hortaz, uda guztia izango dabe testuen amaierak pentsau eta idazteko. Narrazinoek gitxienez 12 orrialdeko luzerea izan beharko dabe, gehienez 15.

Aurkeztutako lanak epaimahai batek irakurriko ditu, irabazleak aukeratzeko, Hainbat erespide izango ditue kontuan: Kontakizunaren hasiereagaz bat datozan pertsonaiak eta jazoerak izatea, kalidade literarioa, sormena eta abar.

Euskerazko modalidadean lehenengo saria irabazten dauenari 1.500 euro eta diplomea emongo deutsiez, eta gaztelaniazko irabazleari, beste horrenbeste. Ganera, bigarren sailkatuei eta finalistei be aitamena egingo jake. Idazlan irabazleak edizino berezi baten argitaratuko dituala aurreratu dau Bizkaiko Foru Aldundiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu