Aldapebeitia Jauregia zertarako erabili, Elorrioko herritarren esku
2018-05-18 09:43 KultureaParte-hartze prozesua zabaldu dau Udalak.
Marianisten ikastetxe, udaletxe, osasun zentro eta abar izan eta gero, 2005etik hutsik dago Elorrioko Aldapebeitia Jauregia. Eraikina zertarako erabili erabagiteko, Elorrioko Udalak Aldapebeitia Aldaberritu prozesuari ekin deutso, herritarren parte-hartzea bultzatzeko. Era horretara, auzotarrek eurek eginiko proposamenetatik urtengo dau erabilera barriak.
Aldapebeitia Elorrioren parte garrantzitsua izan da urte luzez, gutako asko joan gara osasun zentrora edo bertan egozan alkarteetara. Orain, bada ordua eraikina ahazturatik atera eta erabilera barri batera bideratzeko, azaldu dau Idoia Buruaga alkateak. Dana dala, aldaketa hori elorriar guztakaz batera egin nahi dogu.
Eraikina handia dan ezkero, hainbat aukera dagoz. Ahalik eta elorriar gehienen artean adostea da helburua, udalean dagoan alderdia dagoala, elorriarrakaz adostu doguna errespetau daigun, ganeratu dau Buruagak. Bagilaren 4ra arte aurkeztu leikiez herritarrek proposamenak.
Parte-hartzea errazteko, herriko hainbat gune publikotan buzoiak ipiniko ditue eta Udalaren webgunean atal berezia sortu dabe.
Bestetik, ate edegiak egingo ditue maiatzaren 30etik bagilaren 3ra, herriko alkarte, eragile eta norbanakoentzat. Asteburu horretan, Arrapaladan taldearen eskutik, bisita gidatu antzeztuak egongo dira jauregiaren barruan.
Modu horretara, jauregiaren ezaugarri estrukturalak ezagutu, beste herrietako esperientziak entzun eta proposamenak han bertan egiteko aukerea eskainiko jake bisitariei. Bisitak dinamizetako parte-hartzearen arloko adituak egongo dira, herriko Arrapaladan antzerki taldeko kideakaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!