Bilboko Kale Nagusia hartuko dau Jantzari Egunak domekan

Bizkaie! 2018-05-16 12:16   Kulturea

Edade guztietako 3.500 jantzarik parte hartuko dabe.

Dantzari Egunaren aurkezpena, Bilbon (argazkia: Bizkaiko Dantzarien Biltzarra) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbo erdigunera helduko da 2018ko Bizkaiko Jantzari Eguna, ahalik eta jantzari eta ikusle gehien erakarri nahian. Herrialdeko jantza-taldeetan urtean zehar egiten dan lana erakusteko aukerea emongo dau hitzorduak eta, ganera, Jon Pertika gogoan izango dabe. Bera izan zan Bizkaiko jantzearen arimea hamarkada askoan eta horregaitik berezia izango da Pertika bako lehenengo Jantzari Eguna.

Plaza Biribilaren eta Moyua plazearen artean, Kale Nagusia trafikoarentzat zarratuta egongo da domeka goizean, izan be, 80 taldetako 3.500 jantzari alkartuko dira, edade guztietakoak. Bizkaiko Dantzarien Biltzar-ekoek azaldu dabenez, aurreko edizinoetan baino talde gehiago etorriko dira aurten.

Goizeko 10:00etan batuko dira parte-hartzaileak Arenalean eta handik kalejiran joango dira Plaza Biribilera. Behin Kale Nagusian dagozala, euskal jantza tradizionalen errepertorio zabala eskainiko dabe: Jantzari Jantzea lehenengo, Gipuzkoako jantzak, Txulalai, Baztango Esku Jantzak, Ibarzabaleko arku jantzea, Eltziegoko jantzak, Gorulariak, Kaixarrankea eta beste batzuk. Larrain jantzeagaz amaituko dabe erakustaldia eta hor ikusleek be parte hartu ahal izango dabe.

Horrezaz gan, bazkalostean Luhartz taldearen erromeriak alaituko dau giroa. Hainbat belaunalditako jantzariak alkarregaz ikusteko aukerea egongo dala adierazo dabe antolatzaileek. Arenalean, ostera, folklore azokea egongo da goizean goizetik hasita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu