Eguzki Urteaga, Eusko Ikaskuntzaren Iparraldeko lehendakari

Bizkaie! 2018-05-16 11:04   Kulturea

Jean-Michel Larrasqueten lekua hartuko dau.

Maiatzaren 11n, Eusko Ikaskuntzaren Ipar Euskal Herriko administrazino kontseiluak erabagi eban Eguzki Urteaga izango dala lehendakari barria. Oraintsu hildako Jean-Michel Larrasqueten ordezkoa izango da. Ipar Euskal Herriko bulegoko beste karguak be barritu ditue.

Eguzki Urteaga Soziologia irakaslea da EHUn eta ikerlari atxikia Social and Business Research Laboratory-n. Soziologian Doktorea eta Lizentziaduna da Bordeaux 2 Unibersidadean eta Historian Lizentziaduna Pau et des Pays de l’Adour Unibersidadean. 30 liburu argitaratu ditu, esate baterako, La politique linguistique au Pays Basque (2004), La question basque en France (2004), La nouvelle gouvernance en Pays Basque (2004), La langue basque dans tous ses états (2006), Le vote nationaliste basque (2007) eta La Communauté Pays Basque : l’institutionnalisation du territoire (2017). 200 artikulu zientifiko be plazaratu ditu.

Eusko Ikaskuntzaren arabera, lehendakari barriaren asmoa da gobernantzea erabarritu eta talde-lana indartu. Bulegoko kide bakotxak eta administrazino kontseiluko kideek eginkizun zehatzak izango ditue aurrerantzean.

Ganera, hainbat arlotan bidea zabaldu nahi dau Urteagak eta honeek lan-arloak garatuko ditu: Enpresakaz partaidetzak adostea; udal eta erakunde publikoakaz hartu-emonak sedotzea; Hego Euskal Herriko erakundeakaz eta, batez be, hango Eusko Ikaskuntzaren atalakaz lankidetzea handitzea; beken eta antzekoen bidez, ikerlari gazteak Eusko Ikaskuntzara erakartea; eta komunikazinoari eta euskereari garrantzi handiagoa emotea.

Eguzki Urteagaren lehendakaritzapean, honeek izango dira Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzaren bulegoko kideak: Jean-Claude Larronde diruzaina, Argitxu Etxandi idazkaria, eta lehendakariorde lanetan Isabelle Ajuriaguera, Argitxu Camus, Viviane Delpech, Anne-Marie Galé, Claude Mehats eta Maitena Urmeneta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu