Bilboko Aste Nagusiko 'Bertoko Pop-rock Local'-en parte hartzeko epea zabalik
2018-05-16 09:15 MusikeaBagilaren 15era arte egongo da izena emoteko aukerea.
Aste Nagusiko Bertoko Pop rock Local erakustaldiko 33. edizinoan parte hartzeko deialdia edegi dau Bilboko Udalak. Orain arte, Bizkaiko musikarien topagune izan da erakustaldi hau eta gaur egun ezagun diran hainbat taldek parte hartu dabe bertan.
Arduradunek iragarri dabenez, deialdia bagilaren 15era arte zabalik egongo da eta parte hartu nahi daben taldeak Bizkaikoak izan beharko dira. Metalaren eta pop-rock-aren barruko estilo guztiak onartuko dira, jazz-a izan ezik. Emakumez osotutako taldeek eta euskeraz egindako lanek arreta berezia izango dabe aukeraketea egiterako orduan.
Izena emoteko, gitxienez jatorrizko lau pieza aurkeztu beharko dira, baita biografia, argazkia eta hartu-emonetarako datuak be. Talde aukeratuek lehentasuna emon beharko deutsie erakustaldiko emonaldiari, Aste Nagusiko beste edozeinen aurretik; kontzertua, gitxienez, 45 minutukoa eta gehienez 50ekoa izan beharko da.
Egitasmoari esker, 512 taldek eta bakarlarik euren lanak ezagutarazoteko aukerea izan dabe. Ondokoak dira batzuk: Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Athom Rumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot, Zazkel...
Aste Nagusiko Bertoko Pop-rock Local erakustaldia musikan bere bidea egin nahi eben Bizkaiko taldeei bultzadea emoteko asmoagaz jaio zan Bilboko Udalaren eskutik 1985ean. Erripa Kaia, Unamuno plazea, Arenaleko pasealekua eta Bailen kalea izan dira lehiaketearen eszenatokiak. Gaur egun Bilborock-en egiten da.
Metal For The Crew Alkartearen eta Beste Jack Kultura Alkartearen lankidetzea dau lehiaketeak. Ikus-entzule leialak dituela dino Udalak, urtero-urtero, batez beste, 5.000 persona bertaratzen diralako talde guztien kontzertuetara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!