Hamar egunekoa izango da Bilbao Art District
2018-05-16 08:29 KultureaHilaren 18tik 27ra bitartean dozenaka jarduera egongo dira Arteen Astean.
Arteen Astea izendapena txiki geratu jako Bilbao Art District ekimenari, udabarri honetako edizinoko programazinoa hamar egunera zabaldu dabe eta. Era horretara, artisten, arte-eragileen eta herritarren arteko loturea indartu ahal izango dabe, erakusketa, tailer, bisitaldi gidatu eta topaketen bidez. Ganera, artistek uriko espazioan interbentzinoak egingo ditue.
Hamar eguneko egitarua barikuan, maiatzaren 18an, hasiko da eta hurrengo asteko domekara arte, 27ra arte, martxan egongo da. Arriaga Antzokian egindako aurkezpenean, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Juan Pablo Ordúñez-Mawatres Bilbao Art District-eko komisarioak parte hartu dabe. Bertan izan dira, ganera, Bilbao Art District-eko komisariotzea, Andrea Estankona ikerlaria eta kultura arloko ordezkariak.
Azaldu dabenez, Bilbao Art District-en helburua da herritarrak, artistak, arte galeriak, kultura eragileak, produkzino zentroak, museoak, unibersidadea, sektorearen profesionalak eta modu baten edo bestean artearen munduagaz zerikusia daben persona eta erakunde guztiak alkarrekintzan jarduteko ingurune bihurtzea Bilbo.
Nekane Alonsoren arabera, Arteen Astea estrategikoa da, batetik, jarduera ekonomikoa sortzen laguntzen dauelako eta, bestetik, gure uria dinamizau eta erakargarriagoa egiten dauelako. Publikoaren eta pribaduaren arteko alkarlana azpimarratu dau.
Edizino honetako nobedade nagusia, iraupena luzatzeaz gan, artearen munduko profesionalen artean egindako deialdia izan da, sektorea dinamizetako proposamenak eskatu deutsiez eta 47 proiektu aurkeztu ditue. Azkenean, 13 dira aukeratuak Bilbao Art District-erako: Sei interbentzino espazio publikoetan, lau performance, lantegi eta berbaldi bana, baita bisitaldi gidatudun performance-a be.
Egitarauko jardueretan parte hartuko daben artisten artean, antolatzaileek Santiago Morilla, Christian Flores, Miriam Isasi eta Histeria Kolektiboa nabarmendu ditue. Ganera, lehenengo aldiz, Itsasadarrera helduko da Bilbao Art District, hainbat erakusketa ipiniko dituelako han. Horreek ikusteko, itsasontziz egingo ditue bisitaldi batzuk.
Aurreko edizinoetan legez, arte galerientzat be berezia izango da Bilbao Art District. Bisitari guztientzako ateak zabalik izango ditue, erakusketa bereziak egongo dira eta artistak konbidauko ditue euren lanez berba egin deien.
Egunez eguneko programazinoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!