Rafa Rueda, Urduñan egingo dan 'Baserriko Uzta' ekimenean

Bizkaie! 2018-05-15 10:11   Kulturea

Hilaren 19an, zapatua, izango da udabarriko topaketea.

Baserria eta kulturea buztartzeko asmoz, urtaro bakotxean Euskal Herriko baserri batek musika proiektu bati ateak zabaltzen deutsoz. Lehenengoa Antzuolako Pikunieta baserrian egin eben eta bertan Anarik parte hartu eban. Orain, barriz, Baserriko Uztak Bizkaira egin dau salto eta udabarriagaz bat eginez, Urduñako Santa Clara baserria aukeratu dabe. Bertan Rafa Rueda abeslari mungiarra izango da.

Ekimen honegaz etxaldeetako ateak parez-pare edegiz, laborantza ekologikoa eta euskal musikearen moduko bazterreko diziplina bi ezagutzera emon nahi dira. Antolatzaileek iragarri dabenez, goizean baserritarren eguneroko jarduna ezagutu eta ukuilu, ezkaratz edo pentzeren baten kontzertuaz gozeteaz gan, bertakoek produzidutako jakiakaz bazkaria egingo da bertaratutako guztien artean.

Santa Clara baserrian barazki eta abereak be badituen arren, frutagintzea dabe jardun nagusia; bertan egiten ditue Tologorri markako marmeladak, konpotak, zukuak… jasoten dituen arakatz, andere-mahats, masusta, sagar, okaran, irasagar, madari, gerezi, iko, kaki, ur, edota intxaurrakaz.

Produzidutako jakiak zuzenean saltzen ditue inguruko merkadu, konsumo talde eta denda txikietan, izan sasoiko frutea, aitatutako marmeladea, barazki konserbea edo okela paketeak. Izan be, etxeko zelaian elikatzen dituen sei bat animalia loditzen ditue urtero.

Saio bakotxak (baserriko bisitea, kontzertua eta bazkaria) 20 euroko salneurria dauka, 12 gazteek; eta tokiak mugatuak dira. Izena emoteko baserrikouzta@gmail.com helbidean.

Kontuak kontu, Baserriko Uzta ekimena EHKOlektiboak eta Paperezko Kontzertuak, ZUZEU orainkariagaz batera atondutako ekimena da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu