Bizimodua Txinako megauri baten (I)

Zigor Aldama 2018-05-15 09:21   Bidaide

Txinak etorkizunean izan nahi dauena irudikatuten dau Shanghaik, hemen ez dago orainaldirako astirik.

Sarritan, irakurleek galdetzen deustie zelakoa dan bizimodua Txinan. Gero eta euskaldun gehiago hemen bizitera animetan dira, batez be lan arrazoiakaitik. Hiru artikuluko serie labur honetan, Txinako asfaltoaren ganeko bizimodu honen alde onak eta txarrak azaltzen ahaleginduko naz.

Talka kulturala berehala hasten da, kolpe siku baten ondorengo galgatze zakar batek Shanghain lur hartu dogula iragarri baino lehen. Lurra ikutzeko metro batzuk falta dirala, sakelako telefonoak politonoak jaurtiten hasten dira eta baten batek didarka erantzuten deutso dei bati. Hegazkinaren gurpilek asfaltoa ikutu orduko, bidaiari txinatar batzuek gerrikoa askatzen dabe eta, kabinako beharginei kasurik egin barik, goiko konpartimenduak zabaltzen ditue. Hori eginda lehenago helduko dirala pentsauko balebe lez. Txinako uriburu ekonomikoaren abiadearen erakusgarri ona da. Eta sortu leiken ansiedadearena.

Pudong nazinoarteko aireportuko terminal biek -beste bi dagoz Hongqiao-n, uriaren beste muturrean- XXI. mendeko Txinako uriak zelakoak diran ondo erakusten dabe: Gizakiaren neurriaren ganetik eregitako munstroak. Eta hori baieztatzeko modu hoberik ez dago uriaren erdigunera Maglev-ean joatea baino, magnetismoaren bidez aireportua eta Pudong barrutia lotzen dituan trena, 431 km/h-ko gehienezko abiaduran.

Zortzi minutuko bidaia hori nahikoa da gaur egun Shanghai zelakoa dan laburtzeko. Lehiatilearen beste aldean negutegiak eta ortu txikiak agiri dira, hondea makinen bazka bihurtzen hasi diran teilatu okerdun etebizitza tradizionalak, finantzen eta teknologiaren alorretako multinazionalen egoitza erraldoiak, kristal distiratsuko etxeorratzak, lurraren ganetik doazen lau solairuko errepideak, Euskal Herriko herri oso bateko jentea hartu leikien etxebizitza-erlauntzak eta lujozko marken azken kapritxoen iragarki-panel handiak.

Ez, Txinako uriek ez dabe zerikusirik Mendebaldeak oraindino Mao-ren herrialdeaz daukan imaginario kolektiboagaz. Alderdi Komunistea Shanghain bertan jaio bazan be, 1921ean, eta lehenengo kongresua egin eban lekua erakargarritasun turistikoa dan arren, mailua eta igitaia lekuz kanpo dagoz Louis Vuitton-en lujozko erakusleihoen eta Maserati-z betetako auto-saltegien aurrean. Bazter guztietan dagozan McDonald's establezimenduen M horiagaz be ez datoz bat, ezta herritar gero eta aberatsagoek desio daben Apple-ren tresnetako sagar haginkatuagaz.

Txinak pobreziatik atera ditu 500 miloe persona hiru hamarkadatan, baina bere benetako arrakastea klase ertainera heldu diran 300 miloe lagunak dira.

Shanghaik topikoak berehala apurtzen ditu. Batzuek dinoe ez dala Txinaren paradigmea, baina hori erdizka baino ez da egia. Txinak etorkizunean izan nahi dauena irudikatuten dau. Hemen proiektu pilotuak martxan jarten dira, erantzun ona euki ezkero herrialde osora zabaltzeko. Merkataritza libreko eremutik hasi eta gidari bako ibilgailuak probetako zirkuituraino. Uri honetan ez dago orainaldirako astirik, eta horretaz konbenziduteko leku hoberik ez da Bund malekoia baino.

Huangpu ibaiaren ertz baten atzerriko potentzia kolonialek XXI. mendetik XX.aren hasierara bitartean altzautako eraikin soilak dagoz, opioaren gerretan Txina modu umiliagarrian menperatu ostekoak. Porrot hareen ondorioz sortu ziran ziran gune bereziak -kontzesino izenez deituak- eta han atzerritarrena zan eskumen osoa. Euren legeak eukiezan, nahi eben moduan eregiten zituen eraikinak eta bertako biztanleak eskubide bako zerbitzari legez tratetan zituen. Horregaitik batzuek Shanghairi Ekialdeko Perlea ezizena ipini eutsien, eta beste batzuek, Ekialdeko Emagaldua. Nondik begiratzen jakon kontuari. Edozelan be, koloniazino haregaitik da gaur egun herrialdeko uririk garrantzitsuena.

Iragan desatsegin horren aurrez aurre, ibaiaren beste aldean, Lujiazui-ko hodeiertz zerraduna altzetan da, etxeorratzen kontzentrazino handienetako bat munduan. Perlearen Torreak, ikutu kitsch eta guzti 1994an eregia, ekin eutsan Shanghairen aro barri loriatsuari. Deng Xiaoping-en erreforma ekonomikoen eraginez herrialdea edegiagoa bihurtu eta deslokalizazino industrialaren lehenengo olatua hasi zan. Orduan, mundua Shanghaira bueltau zan, sasoi maoistan ahaztuta geratu eta gero, eta laster bihurtu zan Asiako Erraldoiko uririk oparoena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu