Literaturea eta pintxo-potea, xenofobiaren kontra

Bizkaie! 2018-05-15 08:36   Kulturea

Irakurraldi eta gogoeta partekatuak egingo ditue Bilboko auzoetan maiatzean eta bagilean.

Xenofobiaren, estereotipo negatiboen eta aurreretxien kontra Bilboko Udalak 2013an hasitako ekimenaren barruan, I. Pintxo-pote Literarioa antolatu dabe, Santutxu, Deustu, Irala, San Frantzisko eta Basurtu auzoetan. Zurrumurruen kontrako kontakizun laburren lehiaketako irabazleek eta finalistek parte hartuko dabe.

Zurrumurruen kontrako kanpaineagaz bat egin daben ostalaritza-establezimenduetan egingo dabe pintxo-pote literarioa, maiatzean eta bagilean. Irakurraldi partekatuak eta gogoetak izango dira gehienbat, literaturearen bidez xenofobiari aurre egiteko asmoz. Ganera, Bilboko Udalaren zurrumurruen kontrako estrategia herritarrei hurreratzeko modua izango da.

Lehenengo jarduerea maiatzaren 17an egingo dabe, Santutxuko Fika kaleko Paris tabernan. Hurrengo saioak honeek dira: Maiatzak 24 (Deustuko La Bolera tabernea), maiatzak 31 (Basurtuko Patxi Larrocha jatetxean), bagilak 7 (Iralako taberna sozialean) eta bagilaren 13an azkena, San Frantziskoko Sarean tabernan.

Saio guztiak 19:00etan hasiko dira. Bertaratzen diran guztiei zurrumurruen kontrako lehiaketa literarioko kontakizunen liburu bana emongo deutsie.

Europan gizartea sensibilizetako estrategia zabaltzen dabil azkenaldion, zurrumurru eta estereotipo negatiboei aurre egiteko. Atzerritarren irudi negatiboa dakarre aurreretxiek eta bizikidetzan eragin txarra dakarrela ikusi dabe antolatzaileek. Programearen helburua sare bat sortzea eta sendotzea da, kultura-aniztasunagaz, gizartearen kohesinoagaz eta diskriminazinoaren kontrako burrukeagaz bat egin daben personen eta eragileen artean.

Bilbon, gaur egun, 120 eragile dagoz zurrumurruen kontrako estrategia garatzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu