The Owl Project, Rockein-eko irabazle
2018-05-15 08:10 MusikeaSari legez, bost kantako disko profesionala grabau ahal izango dau Markina-Xemeingo laukoteak.
Bertoko musikagile gazteen topaleku gero eta garrantzitsuagoa dan VI. Rockein Lehiaketearen finala zapatuan egin zan Basauriko Social Antzokian. Finala entzuten 250 lagun baino gehiago egon ziran aretoan eta, horrezaz gan, publikoaren sarirako botazinoan 2.650 personak parte hartu eben.
Epaimahaiaren erabagiaren arabera, Markina-Xemeingo The Owl Project izan da aurtengo irabazle nagusia. Sari legez, bost kantako disko profesionala grabau ahal izango dau laukoteak. Oraintsu plazaratu dabe, hain zuzen be, beste disko bat, Bada izenburukoa. Rockein-eko antolatzaileen arabera, Kasabian, Primal Scream eta Oasis-etik abiatuta MGMT edo LCD Soundsystem-en amaitzen diran eragin musikalak daukaz The Owl Project-ek.
Publikoaren saria Oñatiko Kimera taldeak eskuratu dau, entzuleen 303 boto batuta. Euskerazko talderik onenaren saria Agian taldeak irabazi dau eta talde lokalik onenarena (Nerbioi eskualdekoentzat) Haxotz izeneko bandeak. Agian-ek euskerazko kanta bat grabetako laguntzinoa irabazi dau eta saritu guztiek 2019ko Basauriko MAZ Jaialdian joko dabe.
Finaleko epaimahaian honeek egon dira: Álvaro Fierro musika-kritikaria; Amets Rodríguez Mundaka Festival-eko zuzendaria; Jon Hervás Shake klubaren eta Solifest eta Unisound jaialdien eragilea; Amaia Santana musika-kazetaria; Iker Bárbara MondoSonoro aldizkari musikalaren koordinatzailea; Joseba Vegas, BI FM-ko zuzendaria; Jon Aguirrezabalaga produktore musikal eta WAS taldeko kidea; eta Igone Beloki, Basauriko Udaleko Gazteria saileko zinegotzia.
Aurten, 135 taldek emon dabe izena Rockein Lehiaketan, hirugarren urtez erreskadan errekorra gaindituz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!