Museoen Nazinoarteko Eguna Bizkaiko txoko guztietara helduko da

Bizkaie! 2018-05-14 13:26   Kulturea

Jarduera ugari eta dobako sarrerak egongo dira 38 museotan.

Egitarauaren aurkezpena, Bilbon (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzaren 18an egingo dabe Museoen Nazinoarteko Eguna, Museo hiperkonektaduak: ikuspegi barriak, bisitari barriak lemapean. Bizkaian, maiatzaren 18an bertan eta 19an eta 20an egingo ditue egun hori gogoratzeko ospakizunak. Bizkaiko Foru Aldundiak Athletic Club Museoan egin dau egitarauaren aurkezpena, Lorea Bilbao Kultura diputadua buru. Bizkaiko 20 museo ingurutako ordezkariak egon dira ekitaldian, baina 23 udalerritako 38 museok antolatu ditue jarduerak.

Lorea Bilbaok esan dauenez, egitarauak argi erakusten dau Bizkaian danetariko museoak dagozala, bakotxak zeozer berezia dauka, desbardina, berariazkoa. Eta ganeratu dau: Danen artean gure lurraldearen eta gure nortasunaren funtsezko ezagutzea eskaintzen dabe.

Aurten be, Bizkaiko museo handiek, txikiek eta danetariko gaiak lantzen dituenek bat egingo dabe Museoen Nazinoarteko Egunean. Ia museo guztiek doban sartzen itxiko deutse bisitariei, eta horrezaz gan, jarduera bereziak antolatuko ditue ospakizuna indartzeko. Bisitari barriak erakartea da erronkea, museoak ez daitezan bakan batzuen topagune izan, danetariko herritar askoren gozagarri baino, azpimarratu dau Bilbaok.

Beste ekitaldi askoren artean, Enkarterriko Museoak maiatzaren 19an bisita gidatu baten Lope García de Salazar XV. mendeko ahaide nagusi eta bandokidearen hazur-hondarrak ikusteko aukerea eskainiko dau. Gorpuzkiak 1948an topau ziran Muskizko San Martin baseleizan.

Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak, ostera, argazkien bidez hiperkonektauko ditue. Durangoko Arte eta Historia Museoak eta Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoak be herritarrak eta museoak sare sozialen bidez konektetearen alde egingo dabe. Hain zuzen be, Durangoko museoak eskatu dau bertako obren argazkiak jarteko Instagramen, eta argazki guztien artean liburu-sorta bat zozketatuko dabe.

Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak behinolako VALCA enpreseari buruzko berbaldia antolatu dau. Gernikan, bestetik, Bakearen Museoak familientzako jarduera batzuk antolatu ditu astebururako. Bestetik, Euskal Herria Museoak naturara joko dau, Museoko lorategian barna izeneko bisita gidatuaren bidez.

Aurreko urteetan legez, Bakioko Txakolinguneak ardaoa probetako saioak antolatu ditu; aurten arduraduna Elena Uriguen sommelierra izango da. Ardaoa probau gura dauenak izena emon beharko dau aurretik, eta 6 € ordaindu.

Bilbon, Athletic Club Museoak dobako bisita gidatuak antolatu ditu futbol zelaia ezagutzeko,  Guggenheim Bilbao Museoak bisita azkarrak eskainiko ditu doban, eta Arte Eder Museoak dobako audiogidak emongo ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu