Bilboko Udal Musika Bandea Arenalean entzungai
2018-05-14 12:40 MusikeaBagilaren 22ra arte eskainiko ditue kontzertuak bariku guztietan, arrastiko 19:00etan.
Bilboko Udal Musika Bandeak barikuan, maiatzaren 18an, arrastiko 19:00etan, udabarriko kontzertuen denporaldiari hasierea emongo deutso Arenaleko pasealekuan. José R. Pascual Vilaplana zuzendari titularra eta Iñaki Urkizu zuzendariordea txandakatuko dira aire libreko musika saio horreen zuzendaritzan bagilaren 22ra arte.
Benetako arratsaldea zineman lelopean, 45 musikari baino gehiagok, obra ezagunak interpretauko ditue, horreen artean Miguel Asins Arbóren Biba la banda, Harold Arlen eta E.Y. Harburgen The wizard of Oz, Herman Hupfelden As time goes by, Dimitri Shostakovichen Moscow-Cheryomushki, Miklos Theodorakisen Theme from Zorba the greek, Maurice Jarreren Theme from Lawrence of Arabia eta R.B. Sherman eta R.M. Shermanen The jungle book.
Udabarriko zikloak maiatzaren 25ean jarraituko dau, Munduko jantzak izeneko emonaldiagaz. Kasu honetan, Urkizuren zuzendaritzapean, besteak beste honako obrak entzun ahal izango dira: Robert Jageren Sinfonia Nobilissima, Brian Balmagesen Arabian dances, Van McCoyren African symphony, Alfred Reeden Armenian dances I eta First suite for band eta Anatoly Lyadoven Dance of the Amazon.
Bilboko Udal Musika Bandako musikariek bagilean zehar jarraituko dabe konposatzaile garaikideek eta gaur egungoek idatzitako lanez osoturiko programa berezia eskaintzen. Kontzertuak hilaren 1ean hasiko dira, Haurtzaroaren magia emonaldiagaz, 8an eta 15ean jarraituko dabe Herri baten soinuak eta Latinoamerikatik jardunakaz eta Arratsaldea operan kontzertuagaz amaituko dira bagilaren 22an. Horrezaz gan, aitatzekoa da bagilaren 1 eta 8ko kontzertuetan, musika bandeak Udal Txistulari Bandeagaz batera joko dauela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!