Errugbiak hartuko dau Bilbo asteburuan
2018-05-11 12:21 KultureaErrugbizaleentzako gunea zabaldu dau Udalak eta kontzertuak egongo dira uriko hainbat lekutan.
Gaur, barikua, eta bihar, zapatua, San Mamesen jokatuko diran Europako final biak ez dira kirol ekitaldi hutsak izango. Milaka errugbizale etorriko dira Irlanda, Gales, Ingalaterra eta Frantziatik eta bertoko herritarrakaz bat egingo dabe. Kalean egongo dan jentetza horri alternatibak eskaintzeko, ekitaldi ugari antolatu ditu Bilboko Udalak: Errugbiagaz lotutakoak zein kulturalak.
Arenalean ipinitako gunea, Rugby Village dalakoa, zabaltzeko ekitaldian erakundeetako ordezkariak egon dira, Juan Mari Aburto alkatea buru. Han egon dira Simon Halliday EPCR errugbiaren nazinoarteko erakundeko burua eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lorea Bilbao eta Imanol Pradales.
Arenalekoa 50.000 metro koadroko eremua da, eta domekara arte egongo da zabalik. Programazino zabala eskainiko dau asteburu guztian eta, ganera, final biak pantaila handietan emongo ditue. Errugbiaren oinarrizko arauak ikasteko ariketak eta jolasak antolatu ditue, besteak beste.
Bestetik, herri kirolen erakustaldiak be egongo dira, kanpotik datozanek bertoko kirolak ezagutu daiezen. Musikea be ez da faltauko: Gaur 19:00etan Korrontzik joko dau.
Arenaleko gune nagusiaz gan, Bilboko beste leku batzuetan be ipini ditue jarduerak antolatzeko agertokiak. Casilda Iturrizar parkean, San Mames zelaiaren alboan, Deustun, Indautxun eta Zazpi Kaleetan. Kasu honetan, merkatarien alkarteen laguntzinoa izan dau Udalak egitarau zabal eta oparoa atontzeko. Kontzertu, tailer eta kalejirez gan, jan-edana saltzeko postuak ipiniko ditue.
Informazino eguneratua
Finalen inguruko informazinoa jente guztiari helarazoteko, Udalak abian jarri dau EPCRugby Bilbao Finals 2018 aplikazinoa. iOS eta Android plataformetarako aplikazino horren bidez, hainbat gairen inguruko informazino eguneratua kontsultau ahal izango da: fan zone guneko programazinoa, errugbiko finalen datuak, San Mames estadioaren ezaugarriak eta kokapena, Bilbora heltzeko garraiobideak, aholkuak zein gomendioak, turismoa egiteko leku interesgarriak, merkataritza-jarduerea eta abar.
Aplikazinoak denpora errealean sortzen ditu barriak eta alertak, lau hizkuntzatan: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Holan, erabiltzaileek une guztietan izango dabe jardueren programazinoan egon leitekezan aldaketen barri. Horrezaz gan, uriari buruzko iradokizunak, segurtasun-gomendioak edo partiduak hastear diranean estadiora joateko abisuak jasoko ditue.
Partiduak
Barikua: Cardiff Blues-Gloucester, 21:00
Zapatua: Racing 92-Leinster 17:45
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!