Artizarra profesionalentzako sare soziala sortu dau UEUk
2018-05-11 08:06 KultureaEuskal profesionalen eta ikertzaileen arteko loturea erraztea da helburua.
Euskal Herriko ikertzaile eta bestelako profesionalen arteko hartu-emonak errazteko asmoz, Artizarra izeneko sare soziala aurkeztu dau UEUk eta dagoeneko sarean dago erabilgarri. Kontaktuak egiteko eta kudeatzeko aproposa da, izan be, Linkedin, Google Scholar eta antzekoetan oinarritu dira. Berezitasun nabarmen bat dauka, baina, Artizarrak: Euskal komunidade zientifiko-teknikoari begira sortu dabe, berau trinkotzeko asmoz.
UEUkoek zehaztu dabenez, Artizarra ez dator beste sare profesional batzuk alboratzera, bakotxak bere lekua eta funtzinoa dituala ulertzen dabe eta. Lokalaren eta globalaren arteko orekeari eustea da, batez be, halako ekimen bat martxan jarteko arrazoia, eta euskereari lekua egitea.
Sare sozial barriaren abiapuntua Inguma datu-basea da, euskeraz gai zientifiko, tekniko edo profesionalak landu dituenen biltegia. Gaur egun, 10.000 bat irakasle, ikerlari, teknikari, 2.500 liburu, 15.000 artikulu zientifiko eta ia 700 doktorego tesi dagoz artxibauta. Hortaz, nondik hasi badabe. Sasoi barrietara egokituta, Ingumak ez daukan dinamismoa (datu-base finkoa dalako) emongo deutsie Artizarrari, parte-hartzaileen arteko kontaktua errazteko.
Euren jardunaren ezaugarriek bultzatuta, ikerketan dabizanen artean mobikortasun handia dago eta, ondorioz, gatxa da profesionalen arteko hartu-emonei luzaroan eustea, UEUkoen esanetan. Ganera, beste hizkuntza batzuek daben indarraren eraginez, ikerlari euskaldunak nortzuk diran ezagutzea gatxa izaten da. Hutsune hori konpontzeko tresna eraginkorra izan leiteke Artizarra, ikertzaile eta profesional euskaldunen erreferentzia izango dan ezkero.
Hainbat aukera eskaintzen deutse Artizarrak parte-hartzaileei: Euren ibilbide profesionalaren eta curriculumaren barri emotea, beste aditu batzuei galderak egitea, eztabaidarako foroak eta abar. Hainbat arlotako taldeak sortu ditue dagoeneko: informatikea, fisikea, arkitekturea, soziolinguistikea... baita normalean ezagutza zientifiko-teknikoagaz lotzen ez diran batzuk be, esate baterako, bertsolaritzea.
Dagoeneko izena emon leikie nahi daben guztiek. Urtearen amaierarako 500 aditu batu nahi ditue Artizarraren komunidadean. Hain zuzen be, komunidade horren laguntzinoagaz osotu eta sendotu nahi dabe proiektua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!