Teresa del Vallek irabazi dau Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria
2018-05-11 08:15 KultureaBere obreak modu eraginkorrean lagundu dau Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalean, azpimarratu dau epaimahaiak.
Teresa del Valle antropologo gipuzkoarra (Donostia, 1937) aukeratu dabe Euskal Herriko curriculum nabarmenenei emoten jaken Eusko Ikaskuntza–Laboral Kutxaren Humanidade, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Sariaren irabazle. Donostian egin dan agerraldi baten emon dabe izendapenaren barri.
Euskal Herriko sei unibersidadeetako errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Iñaki Dorronsorok eta Laboral Kutxako Lurralde Zuzendariak osotu dabe epaimahaia. Teresa del Valleren obra globalak modu eraginkorrean lagundu dau Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalean dinoe epaimahaikideek. Izan be, Antropologia feministearen lehen sustatzaile garrantzitsuenetako bat izan zan Euskal Herrian.
Teresa del Valleren ikerketa-lerro nagusiak honeek izan dira: kritika feministea gizarte-antropologian; uri-antropologia; antropologia politikoa; memoriaren etnografia; eta metodologia kualitatiboak. Bere ibilbide personal eta profesionala gizon eta emakumeen arteko bardintasunean oinarrituta dago, baita erronka hori euskal kulturan eta gizartean ikusgai egin eta nazinoartera zabaltzean be, ganeratu dau epaimahaiak.
Analisi antropologikoaren bitartez bere ingurune soziokulturalari buruzko ezagutzea mundura zabaltzen eta bertan proiektatzen jakin dauela be nabarmendu dabe sariaren antolatzaileek. European Association of Social Anthropologists erakundearen sortzaileetako bat izan zan 1989an, baita European Society for Oceanists erakundearen sortzaileetako bat be, 1996an. Berrogei urte baino gehiago daroaz irakaskuntzan, EHUn eta beste unibersidade batzuetan.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria 1995ean sortu zan, Euskal Herriko Humanidade, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien alorrean, zentzun zabalenean, curriculum nabarmeneko personak saritzeko. Sarituaren lanaren osotasunak Euskal Herriaren kulturearen garapenean lagundu behar izan deutso. Izendapen honegaitik, 20.000 euro emongo deutsiez Teresa del Valleri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!