Buztingintza Maratoia Gorbeialdean

Bizkaie! 2018-05-10 09:55   Kulturea

Gorbeia hegoaldean dagoan Euskal Buztingintza Museoak XXV. urteurrena ospatuko dau maiatzaren 19an, ehunka katilu 24 orduz jarraian egiteko erronkeagaz.

Desafioa maiatzaren 19an hasiko da, zapatuan, goizeko 10:00etan, eta hurrengo egunean, domekan, ordu berean amaituko da. Erronkan, Blanka Gomez de Segura zentroko arduradunagaz batera hurrengo protagonista honeek be hartuko dabe parte: Ollerietako museoko bere ekipoko kideek, jakina; Gasteizko Arteen Eskolako boluntarioek eta EHUko Arte Eder fakultadeko hainbat ikaslek. Txandaka ekingo deutsie tornuari, 24 orduz, ez daiten gelditu egunez, ezta gauez be, ahalik eta katilu gehien egiteko. Publikoak be ikusi eta animau ahal izango ditu: 24 ordu horreetan museoa zabalik egongo da, ate edegien egun eta gau berezian, nahi dauenak bisitetako.

Ikuskizuna streaming bidez zabalduko da mundu osora eta posible izango da zuzenean ikustea #Ollerias25 etiketea jarraituta. Modu horretan bat egingo dabe maiatzaren 18an ospatzen dan Museoen Nazinoarteko Egunaren aurtengo leloagaz: Hiperkonektautako museoak: ikuspegi barriak, publiko barriak. Era berean, #Ollerias25 etiketeagaz lehiaketa bat jarriko da martxan museoaren Facebook eta Twitterren bidez: Zenbat katilu egin ahalko ditugu 24 orduz? galderea zabalduko da eta zenbakia asmetan dauenak edo gehien hurreratzen danak Ollerietan egindako kafe-ontzi joko bat irabaziko dau.


Artisau eran egindako ogibidea

Euskal Buztingintza Museoak, Ollerietako antxinako eltzegintza-lantegi barriztauan kokatuta dagoanak, modu hain berezi horretan ospatuko dau aurten XXV. urteurrena. Eta holan, era berean, gogoratuko ditu desagertutako Arabako buztinlariak, Jose Ortiz de Zarate, Blankaren maisua zana eta orain dela 10 urte hildakoa. Maratoiaren bidez munduari erakutsiko deutsagu gure ogibidea, artisau eran egindakoa, gizateriak dauen antxinakoenetako bat, bizi-bizirik dagoana, adierazo dau Gomez de Segurak.

Museoan sartzea, beti legez, dobakoa izango da. Eta maratoian egindako katiluak publikoari eskainiko deutseez, salneurri sinbolikoan, Buztingintza Kultura Zentro honek urtean zehar aurrera eroateko dituen XXV. urteurreneko ekintzak pagetako.

Informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu