Emakumeak gomutan, Galdakaoko VII. Oroimenaren Astean
2018-05-10 09:39 KultureaMaiatzaren 12tik 19ra bitartean hainbat jarduera antolatu ditu Galdakao Gogora alkarteak.
Gerra Zibileko jazoeren memoria gordeteko eta sasoi haretako gizon-emakumeen ahalegina zein sufrimendua gaur egungo belaunaldiei hurreratzeko lanean dabil aspalditik Galdakao Gogora alkartea. Horregaz lotuta, urtero egiten dabe Oroimenaren Astea maiatz aldean, Galdakaoko Udalaren laguntzinoagaz, eta aurtengoa zazpigarren edizinoa izango da.
Emakumea, gerrea eta errepresinoa izango da izenburua. Historia liburuetan bigarren mailan geratu diran arren, gatazketan bete-betean parte hartu izan dabe emakumeek, baita 1936ko gerran be. Emakumeek gerra sasoian egindako ekarpena eta pasautako sufrimendua sarri ahaztu egiten da. Hori dala eta, aurten emakumeakan jarriko dabe arretea Oroimenaren Astean.
Maiatzaren 12tik 19ra atondu daben egitarau zabalean, urteroko hitzordu bihurtu dan ibilaldi gidatua ez da faltako. Galdakao inguratzen dauen Burdin Hesia berreskuratzen dabiz eta horren inguruko azalpenak emongo ditue hilaren 12ko eta 19ko txangoetan. Lehenengo egunean, Altamira inguruko parajeak bisitauko ditue. Azken egunean, ostera, Bekea-Bekelarretik ibiliko dira. Kasu bietan goizeko 09:00etan hasiko da bisitaldi gidatua, Kurtze plazan.
Bestetik, aurtengo gai nagusiagaz bat eginaz, Emakumea eta gerrea erakusketea ikusgai egongo da Gandasegi eskolako areto nagusian, hilaren 14tik 18ra. Ganera, 15ean berbaldia eta proiekzinoa egingo ditue Gandasegin bertan, Galdakaoko emakumeen bizipenak izenburupean.
Hilaren 17an, ostera, Bilbora begira jarriko dira, Orue txaletak Gerra Zibilean bete eban zereginaren inguruko azalpenak emongo ditualako Monica Calvo antropologoak. Emakumeen kartzela bat egon zan eraikin horretan. Berbaldi hori be Gandasegin izango da, 19:30ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!