Euskal artistak Alemaniako Kulturelle Landpartie jaialdian

Bizkaie! 2018-05-10 09:39   Kulturea

Ideak alkarbanatu, prozesu artistikoak aurrera eroan eta emoitzak erakusteko egongo dira bertan.

Alemaniako Saxonia Behereko Wendland lurraldean urtero atontzen dan diziplina anitzeko jaialdia da Kulturelle Landpartie. Urtero 50.000 bistari hartzen ditu eta aurten Azken Muga egitasmo euskaldunagaz proiektu bat programau dau.

Alkarlan honen bidez Beste mundu bat posible da (Eine andere Welt ist möglich) ekimena sortu dabe. Honegaz, bost euskal artista bertan izango dira jaialdiko parte-hartzaileakaz batera ideak alkarbanatu, prozesu artistikoak aurrera eroan eta emoitzak erakusteko. Alemaniako jaialdiak irauten dituan zortzi egunetan zehar gauzatu eta erakutsiko da proiektua.

Egitasmo biek bat egiten dabe hainbat jarduera, helburu eta baliogaz: ingurumenaren errespetua, kudeaketa parte-hartzailea, arte eta kulturearen ikuspegi ez komertziala eta ez mediatikoa, publiko eta artisten artean sortzen diran hartu-emonak… ekimen honi esker, puntu komun horreek bat egingo dabe prozesu artistiko baten bidez.

Azken Muga egitasmoa Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeak bereizten dituan mugea hurreratu nahi dauen proiektu kolektiboa da, naturan modu iragankorrean esku hartzeko. Era berean, proiektuaren helburua da landa eta natura ingurunera eroatea adierazpen artistiko barriak eta abangoardistak.

Kulturelle Landpartie jaialdiaren hasierea, aldiz, 1980ko hamarkadan Alemanian jazotako protesta antinuklearrak dira. Mobimendu ekologistako kideek zabortegi nuklear bat eregitearen aurkako protestak abiarazo zituen Wendland-en, Ekialdeko Alemaniagaz muga egiten eban landa lurralde ezezagun baten. Bertan biziten geratu ziran biztanleek Kulturelle Landpartie sortu eben, artea eta errebindikazinoa buztartuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu