Txomin Agirreren 'Kresala', Klasikoen XI. Irakurraldi Jarraituan

Bizkaie! 2018-05-08 12:54   Kulturea

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatuta, bagilaren 7an egingo dabe, Arriaga Antzokian.

XX. mendearen hasierako obra bat aukeratu dabe Klasikoen Irakurraldiaren 11. edizinorako, Txomin Agirre bizkaitarraren Kresala hain zuzen be. Bilbo Zaharra Euskaltegiko ikasle eta irakasleek eta hainbat gonbidatuk hamabi orduz irakurriko dabe, eten barik, 1906an argitaratutako liburua, txandaka. 400 irakurle espero ditue antolatzaileek.

Klasikoen Irakurraldi Jarraituak hasi ziranean, hurrenkera kronologikoari emon eutsien lehentasuna. XVII. mendeko Guero-gaz hasi eta, laugarren edizinoan, 1995eko Hamaika pauso-ra heltzeko. Handik aurrera, bestelako erespideak erabili ditue. Orain, Kresala aukeratzeko arrazoien artean honakoak aitatu ditu Bilbo Zaharrak: bizkaierearen garrantzia azpimarratuz, Euskaltzaindiaren eta euskera batuaren urteurrenak ospatu.

Igaz Itxaro Bordaren % 100 Basque irakurri eben eta 2016an, Franz Kafkaren Metamorfosia, jatorriz euskeraz idatzi ez dan liburu bakarra orain arteko irakurraldi guztietan. Joseba Sarrionandia, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga eta Arantza Urretabizkaiaren lanak be irakurri izan ditue aurreko edizinoetan.

Kontuak kontu, Bilbo Zaharra Euskaltegiko arduradunek azaldu dabenez, Irakurraldi Jarraituan literaturea eta jaia buztartzen dira, izan be, euskal literaturea erdigunera ekarteaz gan, kurso amaierako Ikasleen Jaia be bada egun hori. Irakurle eta entzule guztiak Arriaga Antzokira joan daitezan animau ditue antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu