Euskal konpositoreen lanak disko baten batu ditu Josu Okiñenak
2018-05-08 08:18 KultureaIkerketa sakona egin behar izan dau Xuxurlak proiektua gauzatzeko.
Euskal konpositoreek eskuz idatzitako partiturak berreskuratu eta gizarteratzeko asmoz ekin eutsan Josu Okiñenak Xuxurlak egitasmoari. Urte biko lan isilaren ostean, orain argitaratu barri dauen diskoa da lan horren emoitzetako bat, bertan batu ditualako 1940tik 1960ra bitartean idatzitako pieza batzuk, baita XVIII. mendean klabezinerako idatzitakoren bat be.
Donostian egindako aurkezpenean Okiñenak azaldu dauenez, Europa eta Amerikako artxiboetan ibili da luzaroan, euskal konpositoreen lanak berreskuratu, transkribidu eta digitalizetan. Bilduma zabala osotu dau eta hortik aukeratu ditu Xuxurlak diskoan agiri diranak. Ganerako guztien partiturak Oficina Ediciones argitaletxeak plazaratutako argitalpenean batu ditu.
Aita Donostiak pianorako idatzitako azkenengo partiturea, Andante doloroso, da bilduma horretako aitagarrienetako bat, Okiñeñaren arabera. Pascual Aldave, Tomas Garbizu, Juan Andrés Lombide eta beste batzuk be badagoz aukeratutako konpositoreen artean. Danetara, 25 pieza entzun leitekez diskoan. Lan aitzindari hori Sony etxeagaz grabau dau.
Era honetara, euskal ondare musikalaren parte diran sorkuntza izkutuak argitara ekarri nahi izan ditu Josu Okiñenak. Diskoari esker, partitura horreek egokituta eta instrumentazino aproposagaz entzun leitekez. Partituren bildumeagaz, ostera, eskuz idatzita egon diran hainbat lan mundu guztiaren eskura jarri ditu, nahi dauenak interpretau ahal izan daizan.
Ganera, Xuxurlak laneko piezak zuzenean joko ditu Josu Okiñenak, nazinoarteko birea hasiko dauelako laster. Lehenengo emonaldia etxean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo dau, maiatzaren 9an, eguaztenean. Ondoren, Japoniara, Taiwanera, Kanadara, AEBetara, Italiara, Brasilera, Uruguaira, Txilera eta Argentinara joango da.
Kontuak kontu, diskoa bagilaren 1etik egongo da publikoaren eskura.
Donostian egindako aurkezpenean, Josu Okiñenak erakunde publikoetako ordezkarien babesa izan dau. Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Denis Itxaso eta Donostiako Udaleko Jon Insausti.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!