Zortzi izendapen euskal sortzaileentzat Max sarietan
2018-05-07 13:34 KultureaAntzerki zein jantza ikuskizunak dagoz aukeratuen artean.
Espainiako arte eszenikoen Max sarien 2018ko edizinoko hautagaien zerrendea emon dabe, 19 kategoriatan. Finalisten artean, Euskal Herrikoak zortzi dira: Sei antzerkigintzan eta bi jantzan.
Antzerkirako ikuskizun onenaren sailean nabarmendu dira euskal produkzinoak, hiru hautagaietatik bi bertokoak dira eta. Batetik, Vaivén konpainiaren Treblinkarako azken trena; bestetik, Kulunka Teatroren Solitudes. Lehenengoa Bigarren Mundu Gerrako heriotza-esparruetako biktimei egindako omenaldia da, batez be, Janusz Korczak gogoan, hango umeen egoerea hobetzeko ahalegina azkenera arte egin eban eta. Solitudes, ostera, bakardadearen inguruko gogoetea da, umorearen bidez eta berba barik egina.
Ángel Soloren eta Adolfo Fernándezen En la orilla lanak, ostera, egokitzapen onenaren izendapena eskuratu dau. Luis Miguel Cobo musika-konposizinorik onenaren atalean da hautagai, aitatutako Solitudes lanagaitik. Mireia Gabilondo, barriz, eszenako zuzendaririk onenaren alorrean da finalista, Treblinkarako azken trena-gaitik. Azkenik, Iñaki Rikarte aktorerik onenaren saria irabazteko hautagaietako bat da, Cuerda obran egindako lanagaitik.
Jantzearen ataleko euskal finalista biak Ertza eta Kukai dira. Lehenengoek Meeting point sortu dabe eta kaleko ikuskizunik onenaren sarirako hautagai da. Kukaik, ostera, Topa ikuskizuna aurkeztu dau, Brodas Bros konpainiagaz batera, eta hori be kaleko ikuskizunen atalean izentau dabe.
Azken buruan, Max sariak banatzeko ekitaldia Sevillan egingo dabe, bagilaren 18an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!