Juan Valls oñatiarrak Eskozian grabau dau hirugarren diskoa

Bizkaie! 2018-05-07 08:41   Musikea

Zazpi abesti akustiko dakarz La Chunky Sessions lanak.

Oñatitik Eskoziara jo dau Juan Vallsek bere hirugarren lana sortzeko, La Chunky estudiora hain zuzen. Glasgow uriko estudio horretan emon deutso formea proiektuari, han grabau ditu abesti guztiak eta, hortaz, diskoaren izenburua aukeratzeko orduan gogoan izan dau egonaldi hori: La Chunky Sessions. Johnny Smillie-ren laguntzinoa izan dau grabazinoan.

Musika amerikarraren eragin nabarmena dauen diskoa da La Chunky Sessions. Zazpi abesti akustikootan zehar, entzuleak kontenplazinozko blues-etik folk erako baladetarainoko doinuak topauko ditu. Testu korapilatsuen bitartez irudimen handiko mundua gogora ekarten dauela dino Promomusika sustapen bulegoak. 

Bakarlari legez Juan Vallsek plazaratzen dauen hirugarren diskoa da La Chunky Sessions. Aurretik atera zituan Life holds red lights on behind (2015) eta Blue distance and other bluish songs laburra (2017).

Orain, zuzeneko kontzertuen bireari ekingo deutso oñatiarrak, hirugarren diskoko abestiak aurkezteko. Lehenengo kontzertua Pasaian joko dau, maiatzaren 19an, Itsas Festibalaren barruan. Hilaren 26an, Donostian izango da eta 27an, Sopelako La Triangun. Garagarrilean hitzartuta daukaz kontzertu bi, Ereaga hondartzan eta Zarautzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu