'Eleizetan' programeak musikaz beteko dau Zornotza

Bizkaie! 2018-05-04 11:05   Musikea

Bost kontzertu izango dira, udalerriko beste horrenbeste baseleiza eta eleizatan.

Zikloaren aurkezpena (argazkia: Amorebieta-Etxanoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ganbera-musikearen arloan Euskal Herrian egiten dan programa originalenetako bat da Eleizetan, Amorebieta-Etxanoko Udalak adierazo dauenez. Izan be, udalerri zabalean dagozan auzoetara heltzen da zikloa, hango baseleiza eta eleizetara. Aurten, maiatzaren 12an hasiko da eta bost kontzertu izango ditu.

Bost emonaldietan esperientzia eta kalidade handiko taldeek parte hartuko dabe, antolatzaileen arabera. Atzerriko artistak zein bertokoak konbidau ditue, Zornotzako auzoek emoten daben inguru parebakoan euren piezak jo deiezan.

Lehenengo emonaldia, maiatzaren 12koa, Etxanoko Andra Mari eleizan izango da, 20:00etan. Volosi talde poloniarrak klasizismo eskuragarriaren eta Karpatoetako musika herrikoiaren arteko nahasketa magikotik sortutako doinuak eroango deutsez entzuleei. Hari-boskote hau Europa guztian ibilitakoa da.

Maiatzaren 13an, Bernagoitiako San Migel eleizan, Balaguéra taldearen txandea izango da, 12:15ean. Pirinioetako nortasuna eta tradizinoak dira kantu polifoniko tradizionala lantzen dauen talde beterano honen abiapuntua. Biarnon dabe egoitzea eta hango kultura gaskoiaren barri emongo deutsie entzuleei, gehienbat okzitanieraz diran kantuen bidez.

Barikuan, maiatzaren 18an, Melodías Intemporales taldearen txandea izango da, Boroako San Pedro baseleizan, 20:00etan. Errepertorio zabala eskainiko dabe, Errenazimenduko doinuetatik hasi eta gaur egunekoetara. Caccini, Granados, Ravel, Villa-Lobos, Ellington, Debussy, Gershwin, Strauss eta abarren doinuak joko ditue.

Biharamunean, hilaren 19an, Garitondoko San Isidro  baseleizan, Trío Orión izango da protagonista (20:00). 2017an sortu zan hirukotea, Benedicte Palkok Musikenen emoten dauen Kamerako Musika ikasgaiaren bitartez. Oso desbardinak diran baina aukera tinbrikoz beteta dagozan hiru musika-tresnaz osotutako talde honek XX. mendearen hasierako jatorrizko errepertoriora hurreratzeko jakin-mina dauka.

Zapatuan, maiatzaren 26an, zikloaren azken emonaldia Dudeako San Miguel baseleizan izango da, 20:00etan. Xabier de Felipe eta Arrate Monasterio izango dira egun horretako musikariak. Bizkaitik abiatuta, biek be ibilbide oparoa egin dabe.

Eleizetan zikloko kontzertuetara errazago heldu ahal izateko, antolatzaileek dobako autobus zerbitzu bereziak ipiniko ditue. Emonaldi bakotxa hasi baino ordu erdi lehenago urtengo dabe Zornotza erdiguneko Gudari kaletik. Bernagoitiako kontzertuaren kasuan, 45 minutu lehenago urtengo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu