Maiatzaren 24tik 27ra egingo dabe Literaturia
2018-05-04 09:20 KultureaLiteraturearen erdigune bihurtuko da Zarautz. Bertan argitaletxeak, idazleak eta irakurleak izango dira.
Euskal Letren Plazea bihurtuko da Zarautz maiatzaren 24tik 27ra. Izan be, herri horretan ospatuko da Literaturia jaialdia, bosgarren urtez. Larrabetzun sortu zanetik, orain dala 10 urte, espiritu berari eutsi deutso egitasmoak: euskal idazle, argitaletxe eta irakurle gazte zein helduen topagune izatea, eta literatureaz gozetako askotariko aukerak eskaintzea: narrazinoak, ipuinak, antzerkia, komikia, musikea, marrazketea, gogoetea...
Aingura da aurtengo gaia, eta irudi metaforiko horren bueltan batzen dira atondutako ekitaldiak. Literaturia.eus webgunean dagoz danak ikusgai, hiru atal nagusitan banatuta: emonaldiak, Musika Plazea (umeentzako egitarauagaz eta liburu-azokeagaz) eta liburu-aurkezpenak.
Horrezaz gan, tailer bi be izango dira: itzulpengintzakoa eta wikilariena, euskerazko Wikipediaren eskutik.
Egitarauaren aurkezpenean, Andoni Tolosa Morau eta Txakur Gorria taldeko kideak izan ditue lagun antolatzaileek. Lehenak alzheimerra eta sorkuntzea ardatz izango dituan barriketaldi berezi baten parte hartuko dau, Anjel Lertxundi eta Maddi Zubeldiagaz batera. Txakur Gorriak, barriz, Lau izeneko emonaldia estreinauko dau Literaturian. Egingo diran ekitaldien adibide bi baino ez dira horreek.
Beste alde batetik, Literattipian Jesus Mari Olaizola Txiliku-ri omenaldia egingo jakola be aurreratu dabe.
Antolatzaileek adierazo dabenez, hortaz, maiatzeko azken asteburuan, bada nahikoa atxakia Literaturian ainguratzeko.
Bideoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!