Imanol Otaegi izango da Etxepareko kulturea zabaltzeko zuzendari barria

Bizkaie! 2018-05-03 11:25   Kulturea

Irene Larrazaren lekukoa hartuko dau zeregin horretan.

Imanol Otaegi (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Imanol Otaegi (Errenteria, 1979) Turismoan diplomadua eta Ikus-entzunezkoetan lizentziadua da, eta 15 urte baino gehiago daroaz kulturgintzan. Nazinoarteko proiektuetan eskarmentua dau, eta esperientzia zabala diziplina-arteko egitasmoen produkzinoan. Hori dala eta, Etxepare Euskal Institutuak bera aukeratu dau, ehun hautagai ingururen artean, erakundeko kulturea sustatu eta zabaltzeko zuzendari barria izan daiten.

Postu hori hutsik egon da 2018ko urtarriletik. Izan be, Irene Larraza ordura arteko karguduna Etxepareko zuzendari izentau eben. Hortaz, Otaegi aukeratuta, zuzendaritza-taldeko postu guztiak barriro dagoz beteta Etxeparen.

Imanol Otaegiren zereginak izango dira kultura eragileei laguntzeko programak diseinatzea euskal sorkuntzea nazioartean ezagutzera emoteko, arteak zabaltzeko ekintza estrategikoak garatzea eta euskal sorkuntza artistikoa nazinoartean sustatzea, besteak beste. Helburu horreek beteteko esperientzia badauka Otaegik. Esate baterako, hiru urtez izan zan Donostia 2016-ren Enbaxada Ibiltarien arduraduna.

Horren aurretik, ikus-entzunezkoen alorrean, Pausoka etxean beharrean ibili zan, Jaurlaritzearen Niniak proiektuan be bai, eta hedabideakaz hartu-emon estua dauka. Sorkuntzearen alorreko autore ezagunakaz lan egindakoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu