Jose Luis Ansorena omendu dabe bart

Bizkaie! 2018-05-03 08:18   Kulturea

Errenterian egin deutsie gorazarre abade, musikari eta kultura eragileari.

Argazkia: Irekia | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako Udalak Jose Luis Ansorenaren ibilbidea txalotu eta hari esker ona adierazo nahi izan deutsie, omenaldi baten bidez. Ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bingen Zupiria sailburua, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea.

Azken hamarkadetan euskal kultureari Ansorenak egin deutsan ekarpenaren balioa azpimarratu dau Lehendakariak: Herri honek musikearen sugarrari bizirik eutsi badeutso, Jose Luis Ansorenaren moduko personei esker izan da. Eresbil artxiboaren sortzailea, persona langilea, konprometidua, eskuzabala eta hurrekoa. Ansorenari berari honako hau esan deutso: Erein zenduan hazi harek azaltzen dau gaur daukaguna.

Errenteriako Udalak be gogoan hartu dau Ansorenaren lana. Orain arte Musika Plazea izan dana Jose Luis Ansorena Musika Plazea izango da aurrerantzean. Oroigarria be emon deutsie ekitaldian:

Jose Luis Ansorena Donostian jaio zan 1928an –90 urte bete zituan atzo, omenaldiaren egunean– musikeari eta kultureari lotutako familian. Donostiako konserbatorioan prestakuntza zabala jaso eta gero, Altsasuko Kaputxinoen apaiztegian sartu eta 1953an abade egin zan. 1966an, Errenteriara heldu zan, aurretik Iruñetik eta Zaragozatik pasau ondoren. Nafarroako uriburuan San Antonio Eskolania eta San Antonio Gazteria sortu zituan, eta Zaragozan San Antonio Gazteria.

Jon Bagüés Eresbileko zuzendariak gogora ekarri dauenez, Errenteriara heldu eta Gaztedi parrokia alkartea sortu eban, musikeari eta mendizaletasunari lotua, baita Andra Mari Abesbatza be, Errenteriaren izena Euskadiko musikearen mapan kokatzen daben hainbat ekimenen hazia. Ondorengo urteetan, Orereta eskolania eta Oiñarri gazte-abesbatzea be sortu zituan Ansorenak, eta, aldi berean, Karnaba otxotea berbiztu eta emakumezko Aia otxotea bultzatu eban. 1973an, Musikaste jaialdia antolatzen hasi zan.

Jose Luis Ansorenak Euskadi osoko kolektibo, alkarte eta instituzinoetara zabaldu eban musikearen inguruko bultzadea. Hortxe doguz Euskal Herriko Txistularien Alkarteari egindako ekarpena, lankidetzea Abesbatzen Federazinoen sorkuntzan, babesa Euskal Konpositoreen Alkarteari, Eusko Ikaskuntzako musika-atalean egindako lana eta bere parte-hartzea Euskalerriaren Adiskideen Alkartean, ganeratu dau Bagüések.

Eresbil artxiboa 1974an sortu eban Ansorenak, Andra Mari Abesbatzaren bitartez, euskal musikearen ondarea babesteko helburuagaz. Gaur egun, 94.000 partitura ditu, 180 funts baino gehiago, 20.000 tituludun liburutegia, eta 110.000 soinuzko erregistrodun fonotekea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu