Zeanuriko erroten ibilaldia, domekan
2018-05-03 08:07 KultureaErrotabarri eta Ibargutxi errotetan sartu-urtena egin ahal izango dabe parte-hartzaileek.
Gure geografiako paraje eta txokoak ezagutzeko erarik egokiena oinez ibiltea eta bazterrak arakatzea dala dinoe Joko Alai alkarteko kideek. Eta aukera hori eskainiko dabe maiatzaren 6an, domekan, Zeanuriko Erroten XIII. Ibilaldian. Oinezko martxa honen helburuabondokoa da: herritarrei zein kanpotik datozan bisitariei Zeanuri eta bere auzoak eta Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea.
Zeanurin guztira hamazortzi errota dagoz, gehienak bertan behera itxita, baina beste batzuk zaharbarriztauta, danak hidraulikoak. Ibilbidean bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan, Errotabarrin eta Ibargutxin, sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe. Aurten, Olabarrira ezin izango da sartu, obretan dagoalako.
Aurtengo ibilbidea igazko berbera izango da, 18 kilometrokoa, baina umeentzat edo ondo prestauta ez dagozanentzat laburrago bat be atondu dabe, 12 kilometrokoa. Herriko plazatik urtengo dabe, goizeko 09:00etan. Udaletxearen aurretik abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik igaro ondoren, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxita, Barrengoerrota topauko dabe Beretxikorta errekatxuaren ertzean. Agarre baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera jatsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen be, ateak zabalik izango dira eta nahi dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusteko aukerea izango dabe.
Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie —oraingoan beste aldetik—; urtegiaren presatik 100 metrora, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k. Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten albotik pasau ostean, azken kilometroan sartuko dira; helmugatik 300 bat metrora ibilbideko azken errotea agertuko da, Olabarrikoa.
Izena emoteko modua egunean bertan egongo da, martxea hasi baino ordu erdi lehenago, Zeanuriko plazan bertan, 5 euroan (umeak doban). Aurtengo ibilaldian barrutik ikusi ahal izango diran errota bien inguruan, informazino hau emon dau Joko Alai alkarteak:
Errotabarri: Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben, eta 2015ean goitik behera barriztau. Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu eta presea eta antepara konporta baten bidez dagoz lotuta eta ez kaltze baten bitartez. 1975eko apirilean itxi eutsan lan egiteari. Azken errotaria Andres Aldekoa Ane izan zan.
Ibargutxi: Ipiñaburuko kofradian dago eta XIX. mendean burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi baditu be, hiru harrigaz egin eban lan. 1945ean errotearen azpiko aldean turbina eta generadore bat erabilita argindarra produziduten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen eben elektrizidadea. Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarriztauta dagoz eta lantzean behin etxerako garia edo artoa ehotzen dabe jaubeek. Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!