Hamaika konpainia Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Jaialdian
2018-05-02 12:49 KultureaMaiatzaren 4an, 5ean eta 6an izango dira emonaldiak.
Kaleko arteen panoraman, Bizkaiko hitzordurik zaharrenetako bat da Arrigorriagakoa, 1995etik antolatzen da eta. Urtetik urtera hazten doan jaialdia dala azpimarratu dau Asier Albizua alkateak, 23. edizinoa aurkezteko agerraldian. Publikoaren agendan lekua egitea eta hitzordu finko bihurtzea da gure helburua, ganeratu dau Albizuak.
Aurtengo egitarauak hiru egunez beteko ditu Arrigorriagako kale eta plazak, maiatzaren 4tik 6ra. Hamaika konpainiak 13 ikuskizun eskainiko ditue eta tartean egongo dira hiru euskal talde: Aimar y Cía, Zozongo eta Shakti Olaizola. Ganera, munduaren beste puntatik etorritako artistak be ikusi ahal izango dira, Txiletik etorriko dalako Trinity, eta Argetinatik Cía Levelibular.
Ikuskizun gehienak testu bakoak dira, baina gaztelaniazko lau eta euskerazko bat be badagoz. Amagoia Garaizabal jaialdiko zuzendariaren esanetan, emakumeen presentzia jagon dabe eta, holan, egitarauaren zati handi bat hartzen dabe.
Lehenengo ikuskizuna barikuan 18:30ean izango da, udaletxearen plazan. Ohiturea dogu jaialdia nesken ikuskizun bategaz hasteko, azaldu dau Garaizabalek. Aurten ez dabe salbuespenik egingo, Finlandia eta Danimarkatik etorritako Lotta & Stina arduratuko diralako lehenengo emonaldiaz. Argentinako Cía Levelibular eta Espainia eta Kolonbiako Pass & Company be Arrigorriagan izango dira barikuan.
Zapatuan, hilaren 5ean, Aimar y Cía euskal konpainiaren txandea izango da. Etxea ikuskizunak, istorio soil baten bidez etxeak sortzen dituan bizipenen inguruko gogoetea dakar. Zapatuko beste emonaldiak Men in Coats (Erresuma Batua), Trinity (Txile) eta Albadulake (Extremadura) konpainien eskutik datoz.
Beste euskal konpainia biek domekan dabe hitzordua: Zozongok antzerkia, musikea eta kalejirea buztartuko ditu Reziklator-en; eta kontorsionismo ariketak egingo ditu Shakti Olaizolak Baldin bada-n.
Emonaldiak udaletxearen plazan, kiroldegian eta frontoian izango dira. Aire zabaleko ikuskizun guztiak bermatuta dagozala azpimarratu dau Asier Albizua alkateak, euria egin ezkero pista estalietara eroango ditue eta. Ganera, jarduera osogarri bi egingo ditue: Zirkuaren armairua erakusketea eta umeentzako zirku-tailerra. Harrobia landu behar da, esan dau Albizuak tailerraren kontura.
Kaleko arteen erreferente izango da, hortaz, Arrigorriaga hurrengo egunotan, publiko guztiarentzako aproposak diran dobako jarduerei esker. Asier Albizuaren arabera, eguneroko arazoak momentu batez ahaztu eta umoreak eta barreak lekua hartuko dabe.
Egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!