Bilbao Uria Pop-Rock Lehiaketeak 30. urteurrena ospatuko dau gaur

Bizkaie! 2018-05-02 12:25   Musikea

Hiru hamakada honeetan 22.000 talde baino gehiagok parte hartu dabe.

Bilbao Uria Pop-Rock Lehiaketeak 30 urte beteko ditu aurten, eta hori ospatzeko 200 persona baino gehiago batuko dira Bilborock-en, gaur 20:00etan, eta, bide batez, 2018ko edizinoari hasierea emongo deutsie. Arrastiko ospakizunean, hiru hamarkada honeetan ekimenean parte hartu daben hainbat talde, musikari profesionalak, epaimahaiko kideak eta kazetariak alkartuko dira. Ganera, euskal musikagintzako talde historiko batzuek eta belaunaldi barrietako beste batzuek, bestelako musika-jokerak dituenek, zuzenean joko dabe.

Horrezaz gan, lehiaketako edizino guztietako argazkiak proiektau eta dokumental bat aurkeztuko dabe; proiekzinoak Bilbao Uria Lehiaketako unerik esanguratsuenak batzen ditu.

Bilboko Udalaren arabera, 29 urte honeetan, 22.270 banda aurkeztu dira lehiaketara eta 1.359 kontzertu eskaini dira. Hainbat taldek parte hartu dabe egitasmoan: Platero y Tú, Su Ta Gar, Los Bichos, La Buena Vida, El Inquilino Comunista, Atom Rhumba, Australian Blonde, Manta Ray, Sidonie, Zea Mays, El Columpio Asesino, Audience, Delorean, The Sunday Drives, WAR, Zodiacs, War Cry, Tierra Santa, Rise to Fall eta Quaoar dira horreetako batzuk.

Lehiaketea atontzean Bilboko Udalaren helburua da profesionalak ez diran taldeen lanari laguntzinoa emotea eta taldeen talentua zabaltzea; bide batez, aukerea emoten jake atzerriko beste talde batzuekaz batera eszenatoki berean egoteko eta ikus-entzuleei proposamenik barrienak zuzenean eta doban biziteko.

Ganera, aurten, helburu zehatz bi aurkeztu ditue: Alde batetik, zuzeneko musikea egiten dan espazioetan emakumeen presentzia zailtzen daben trabak kentzea eta, beste alde batetik, talde eta publiko gaztea lehiaketara barriro ekartea. Helburu hori lortzeko aurten, pop-rock-eko eta metaleko ohikoez gan, kategoria barri bat egongo da: Urban. Horren barruan soul, R&B, funk, musika afroamerikarra, reggae, rap, hip-hop, trap, beatbox eta elektronika estiloek izango dabe lekua.

Lehiaketan parte hartzeko epea hilaren 31ra arte egongo da zabalik, Europako musika-bandentzat. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osotutako talde eta bakarlarientzat izango da.

Hiru modalidade dagoz: Pop Rock, Metala eta Urban. Bandek webgunearen bitartez bete behar dabe formularioa.

Epaimahaia musika-arloko profesionalek, musikariek eta musika-jokera barriei lotutako personek osotuko dabe. Aurten, ahalegina egin da epaimahaia barritzeko hiru kategorietan, orekatuta egoteko esperientzia eta musika arloko ezagupenak, jokera barriakaz sensibilidadea, freskotasuna eta emakumeak musikan ikusgaitasuna izatea. Bigarren fasean, kontzertuetara doazanen botoa be kontuan hartuko da.

Edizino honetan, beste alde batetik, 22.900 euro banatuko dira saritan, igaz baino gehiago. Beste barritasun bat da hiru kategorietako sariak bardindu egin dirala; honeek izango dira:

- Banda/bakarlari irabazlea: 4.000 €

- Bigarrena: 2.000 €

- Hirugarrena: 1.300 €

Honetaz gan, 1.000 euroko beste sari bat dago, epaimahiak Bizkaiko banda edo bakarlari bati emoten deutsona.

Dirutan jasoko daben sariez gan, epaimahaiak aukeratutako taldeei kontzertua emoteko aukerea emongo deutsie 2019an Bilborock-en edo Aste Nagusian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu