IX. Clown Zorrotza Bilbon

Bizkaie! 2018-04-27 10:44   Kulturea

Ikuskizun honeen oinarria da umorea eta edade guztiei zuzenduta dagoala.

Bilboko barrutietan askotariko kultura programazinoa atondu dabe maiatzerako eta bagilerako. Lehenengo ekimena Zorrotzako azoka parkean, Udaltegian eta liburutegian egingo dan clown jaialdia izango da eta datorren asteko eguenean, maiatzaren 3an, hasiko da. Egitasmo honetan, ospe handiko lau konpainiak parte hartuko dabe, Euskal Herriko bi, Cia. Nogusano eta Shakti Olaizola, Danimarkako Lotta & Stina eta Argentinako Cia. Levelibular.

Programazinoari eguenean, arrastiko 18:00etan emongo deutsie hasierea Zorrotzako Udal liburutegian, Idoia Sánchez Artiedak, Ah Ze komeria! ikuskizunagaz, edade guztietarako eskainiko dauen ipuin-kontalariaren saioagaz. Inaugurazino jardunaldi horri amaierea emoteko, Zinebiklub saioa egongo da bertako Udaltegian, arrastiko 19:30etik aurrera, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren ZINEBI jaialditik igaro diran umorezko film laburren erakusketeagaz.

Barikuan, maiatzaren 4an, programeak saio bikotxa jasoko dau 18:30ean eta 19:30ean, Azokako Parkean. Lehenengo Shakti Olaizola etorriko da antzerkia, zirkua eta txotxongiloak buztartzen dituan Baldin bada ikuskizunagaz. Proiektu honek De Mar a Mar - Pirineos de Circo programan parte hartu eban eta Bilboko Kalealdiko aurreko edizinoan egon zan. Horren ostean, Cia. Nogusano taldearen txandea izango da, edade guztietako A pan y agua lanagaz. Umore apurtzaileagaz, ikuskizun lotsabako horren protagonisteak abade eta herritar bat dira, horreen atzean dagoz Paolo Di Gianvincenzo eta Ion Zumelaga artistak.

IX. Clown Zorrotzaren aurtengo edizinoa zapatuan amaituko da, arrastiko 18:30ean Azoka Plazan izango dan Lotta & Stina konpainiaren ikuskizunagaz. Akrobazian eskarmentua daben zirkuko artista bi dira honeek. Arrtsaldeko 19:30etik aurrera, barriz, Cia. Levelibular argentinarren txandea izango da eta Portamundos obrea eskainino dabe; zirkua, antzerkia eta umorea buztartzen dituan ikuskizuna da eta taula ganean artista bakarra dago: zirkua eta antzerkia buztartuz, ikus-entzuleak hunkitzen dituan eta inguruan gertatzen dan guztiagaz etenbarik olgeten dauen Sigimundo.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu