Jantzearen Nazinoarteko Eguneko manifestua irakurriko dabe gaur
2018-04-27 08:23 KultureaEuskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteak antolatu dau ekitaldia, Bilboko Arriagan.
Ohad Naharin israeldarrak idatzi dau aurten Jantzearen Nazinoarteko Eguneko manifestua eta, munduko beste uri askotan legez, Bilbon be berau irakurriko dabe, Arriaga Antzokian egingo dan ekitaldi berezian. Eguerdiko 12:00etan hasiko da Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteak (ADDE) Bilboko Udalaren laguntzinoagaz antolatutako topaketa hori.
Jantzarien lanbidearen garapenean lagunduko daben egiturak eta espazioen sorkuntza kolektiboa aldarrikatzeko erabiliko dau ADDEk ekitaldia. Manifestua irakurri eta gero, Organik konpainiaren Irrintzi ikuskizunaren emonaldia egingo dabe Arriaga plazan.
Berez, Jantzearen Nazinoarteko Eguna apirilaren 29an izango da, hau da, domekan. Naharin-en manifestua Europako herrialdeetan irakurriko dabe. Beste lau zonalde be badagoz (Afrika, Herrialde Arabiarrak, Amerika eta Pazifikoa) eta bakotxerako manifestu bat dago.
Jantzearen Nazinoarteko Eguna 1982an eratu zan Antzerkiaren Nazinoarteko Institutuko Nazinoarteko Jantza Komitearen ekimenez, publikoaren arretea jantzearen artera eta kulturara bideratzeko. Apirilaren 29a aukeratu eben, egun horretan jaio zalako Jean-Georges Noverre (1727-1810), barritzailea eta arte horretan aditua, jantzearen eraldatzaile handia eta ballet modernoaren sortzailea. Jantzearen eta Balletaren Gutunak obra garrantzitsua be harena da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!