Familia osoarentzako musikea Getxon, 'Kristalezko Kioskoa' programan

Bizkaie! 2018-04-27 08:07   Musikea

Kontzertuak eta tailerrak egongo dira, maiatzaren 5ean hasita.

Algortako musika-eskolan egin dabe aurkezpena (argazkia: Getxoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Andrés Isasi Musika Eskoleak eta Kultur Etxeak, Stereosonik alkartearen laguntzinoagaz, Kristalezko Kioskoa programea antolatu dabe. Ekimen horrek familia osoarentzako kontzertuak hartuko ditu, bertoko taldeen eskutik, baita umeentzako tailerrak be. Bost asteburutan izango dira saioak, maiatzetik urrira, Algortako Musika Eskolako Kristalezko Kioskoan, 12:00etatik 14:00etara. Parte hartzea doban izango da.

Programearen helburua belaunaldi guztietako publikoa batzea da, horretarako musikea erabilita.  Antolatzaileek dinoenez, gazte zein helduek kontzertuez gozetako aukerea izango dabe eta, aldi berean, umeek musikearen onurak eta Algortako musika-eskolearen eraikin barria ezagutu ahal izango ditue.

Kristalezko Kioskoa maiatzaren 5ean, zapatuan, abiatuko da musika-eskolako jazz taldearen eta Estadu Batuetako Ozeano Bareko kostaldeko erritmoak joten dituan Costa Oeste bandearen eskutik. Ganera, lehenengo egunean, ipuin-kontaketa musikala izango da keinu-hizkuntzaz. Biharamunean, domekan, musika eskolako hari-orkestrea eta Larry Bird taldea izango dira oholtzan. Eguna biribiltzeko, gai birziklatuez eginiko musika-tresnen tailerra egingo dabe.

Bagilaren 10ean, Guda Dantza taldeak musika baltza eta Jamaikako doinuak hurreratuko deutsez zaleei. Tailerrean, barriz, ukelelea izango da protagonista. Garagarrilaren 8an, Cocktail Riders laukoteak jazz, soul, swing, bolero eta bossa-nova doinuak eroango ditu Getxora eta Crazy Jazzers  bandeak New Orleanseko kale-erritmoak joko ditu. Egun horretan, tailer bi izango dira, lehenengoan gorputz eta musika adierazpena landuko ditue eta, bigarrenean, Musikea iluntasunean izenekoan, margolan fluoreszenteak eta doinuen interpretazinoa buztartuko ditue.

Udako oporraldia amaitu ondoren, zikloa irailaren 16an bueltauko da, euskal eta irlandar erritmoak buztartzen dituan Clowerwind taldearen eskutik. Musika kutxan tailerrean, gaztetxuek hainbat tresna topau ahal izango ditue kutxa magiko baten barruan. Zikloa urriaren 7an amaituko da Moonshakers taldearen saioagaz. Azken tailerrean, musikea eta pintura abstraktua nahastauko dira emozinoen bitartez.

Antolatzaileek ohartarazo dabenez, tailerretan 4 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu leikie eta aurretik izena emon behar dabe. Kristalezko Kioskoa ekimena Getxoko Kultura Plan Estrategikoaren barruan dago eta, hori dala eta, planaren ardatz nagusietako bi jorratzen ditu: eragileen arteko alkarlana eta sorkuntza-kulturea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu