Erabateko 13 estreinaldi Leioako Umore Azokan

Dabi Piedra 2018-04-26 13:24   Kulturea

Maiatzaren 17tik 20ra egingo da kaleko arteen jaialdia.

Ana Lopez Asensio, Mari Carmen Urbieta, Aitziber Atorrasagasti eta Andoni Iturbe | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertoko eta kanpoko 40 konpainiaren ehun emonaldi inguruk Leioako kale, plaza eta parkeak hartuko ditue maiatzean, XIX. Umore Azokan. Ana Lopez Asensio Leioako Udaleko Kultura zuzendari eta jaialdiaren programatzaileak azaldu dauenez, aurreko urteetako maileari eutsiko deutsie: Azpimarratzekoa da programearen osotasuna, kalidadea eta orekea.

Lopez Asensiogaz batera, egitaraua aurkezteko ekitaldian izan dira Aitziber Atorrasagasti, Jaurlaritzako Kulturearen Sustapeneko Zuzendaria; Andoni Iturbe, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; eta Mari Carmen Urbieta, Leioako alkatea. Euren esanetan, Leioako Umore Azokea arte eszenikoetako sotzaileen erreferente bihurtu danez, askok euren lan barriak aurkezteko erabilten dabe. Hori dala eta, aurten erabateko 13 estreinaldi egongo dira eta kaleko beste lau. Igaz 37.000 ikusle baino gehiago egon ziran.

Ganera, profesionalen arteko hartu-emonak sendotzeko tartea be eskaintzen dau Umore Azokeak: Programatzaileek ikuskizun barriak bertatik bertara ikusi leikiez eta, ondoren, kontratazinoak adostu. Izen-emotea zarratu barik dago, baina Ana Lopez Asensiok kalkulau dau 200 profesional inguru etorriko dirala Leioara. Hortaz, erakusleiho aproposa da Leioa kaleko arteetan dabizanentzat.

Herritarrek be gogoz hartzen dabe urteroko hitzordua, Mari Carmen Urbieta alkatearen arabera: Jentea itxaroten egoten da, hile batzuk lehenago galdezka hasten da. Leioan gero eta espazio gehiagotara zabaltzen dabiz ikuskizunak, aurten 15 gune inguru egongo dira, danak aire zabalean eta doban. Nobedadea Ondiz aldea izango da.

Euskal artisten sorkuntzak babesten eta zabaltzen be ahalegin handia egiten dau Umore Azokeak eta horren erakusgarri da aurtengo egitarauko konpainien erdiak baino gehiago Euskal Herrikoak dirala, 21 hain zuzen, besteak beste, Markeliñeren Chef Natura, Tio Teronen Semeak-en Festamentua, Lasalaren Microclimate eta Larruaren Ozkol ikusi ahal izango dira.

Horrezaz gan, herriko taldeei bultzadea emoteko atalaren barruan, Leioako hiru taldek euren lanak erakutsiko ditue: Better together (Fundación Fidias), Classic Wind Band (Leioako Musika Bandea) eta Andoni Aresti jantza eskolearen ikuskizuna dira.

Ikusteko horrebeste proposamenen artean zalantzan dagoanarentzat, ibilbide tematiko bereziak atondu ditue antolatzaileek. Zirkuagaz lotutako emonaldien ibilbide bat dago, jai giroko beste bat, familia guztiarentzako aproposa eta abar.

Urtero erronka handia da Umore Azokea antolatzea, baina merezidu dau, kulturea eta arte eszenikoak kalera ateratzen doguzalako, herritaren eskura jarten doguz, adierazo dau Mari Carmen Urbieta alkateak. Edade eta gustu guztietako personentzako emonaldiak dagozala gogoratu eta danak konbidau ditu maiatzean Leioatik osterea egin deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu