'Ikasbidaia' liburukia plazaratu dau Jasone Osoro idazleak

Bizkaie! 2018-04-26 11:56   Kulturea

Eskularru beltzak bildumako hirugarren liburua Elkar argitaletxearen eskutik dator.

Liburuaren izenburuari erreparauta, Eskularru beltzak bildumako protagonistak, oraingo honetan, ikasbidaian Maltara joango dira eta bertan liskarrak, maitasuna, norgehiagokea… izango dira euren eguneroko abenturak.

Jasone Osorok azaldu daunez, hirugarren istorio honetan, personaia bi gehiago egongo dira, Martin eta Ane eta aurreko Eskularru beltzak eta Casting-a liburuen jarraipena izango da honakoa.

Beire, Kar eta Lete eta Baba, Linda eta Beyonceren bizimoduak hankaz gora dagoz. Euren arteko hartu-emonak aldatzen dabiz eta guztiak dagoz euren egoera barrietan endredatuta: Beyonce urduri dago telesail baten grabaketeagaz, Karrek nahikoa lan dau etxeko azken jazoerek ekarritako ondorioetara ohitzen, Beire bakarrik sentiduten da Lete eta Babaren sekretua jakin ostean eta Lindak, beste behin, berak bilatu bako protagonismoa kudeatzen ikasi beharko dau. Maltara egingo daben bidaian gauzak gehiago nahastauko dira, eta itzultzean, ezbehar batek, boxeo-burrukaldi baten moduan, guztiak K.O. lagako ditu.

Idazleak, bildumako laugarren liburukia, Ihes izenburupean, udagoienean kaleratuko dauela be iragarri dau.

Eskularru beltzak bildumeagaz Jasone Osorok barriro egin dau salto gazte literaturara. 2015ean, Agustin Zubikarai Bekeari esker, idazleak 12etan bermuta helduentzako liburua idatzi eban. Jara eta Ezekiel personaien istorioak be sortu ditu gaztetxuentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu