Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendari izentau dabe

Bizkaie! 2018-04-25 12:34   Kulturea

Maiatzaren 2an hasiko da Bilboko espazio horren etapa barria.

Fernando Pérezen izentapena berretsi dabe gaur Azkuna Zentroko zuzendari jarduteko, espazio horretako Administrazino Kontseiluaren aparteko batzar baten.

Bilboko alkate Juan Mari Aburto be izan da zuzendari barriaren aurkezpen-ekitaldi horretan eta azaldu dauenez, maiatzaren 2an zentroaren etapa barria hasiko da, aurrekoagaz hausturea izan barik eta zentroaren ibilbideari jarraipena emonez, hazten eta zentroaren eta uriaren nazinoarte mailako izen ona finkatzen jarraitzeko.

Aburtok Pérezen ibilbide profesionala azpimarratu nahi izan dau: kulturearen munduko legiebidezkotasunaz gan, Bilboko Udalean 1991tik eta Azkuna Zentroan 2015era arte lanean ibili da. Uriaren pultsua ondo ezagutzen dau, baita bilbotarrek kultureagaz daben pasinoa eta exijentzia be. Era berean, gardentasunak eta kalidadeak bere gestinoa zuzendu daiela eskatu deutso alkateak eta adierazo dau apustu personala dala.

Fernando Pérezek, Bilboko Alondigea zentroaren inaugurazinotik Kultura Programazinoaren atalaren buru jardun eban eta erakusketen koordinazinoaren, arteak zuzenean programearen eta ikus-entzunezkoen programen antolaketearen arduraduna izan zan. Horretan ibili zan 2015eko abuztuan Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuko zuzendari nagusi izentau eben arte.

Azkuna Zentroko zuzendari barria Euskal Filologian lizentziaduna da eta Arte Bisualen Kudeaketarako Nazinoarteko Lidergo masterra egin eban New Yorkeko Unibersidadean, baita Europako Kultura Politika graduondoa be, Bartzelonako Unibersidadean, eta Madrilgo Konplutentseko eta ICCMUko Kulturea, Musikea, Antzerkia eta Jantzea kudeatzeko masterra be bai. Horrezaz gan, Japan Foundation for Performing Arts fundazinoaren Europako aholku-batzordeko kidea izan da,  baita Uharteko Arte Garaikideko Zentroko patronatuko lehendakaria eta Jorge Oteiza Museo Fundazinoko patronatuko idazkaria be.

Bilbon ibili zan sasoian garatutako zeregin profesionalen artean, Antzerki eta Jantza Garaikidearen Jaialdia (BAD) eta Kaleko Arteen Jaialdia bultzatu eta zuzentzeaz gan, Egoitza Artistikoen programea eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren programazinoa be koordinau zituan, hizlari izan zan nazinoarteko hainbat topaketatan eta parte-hartze aktiboa izan eban kultura-kudeaketearen ganeko hainbat argitalpenetan.

Pérezek lekukoa hartuko deutso ia sei urtez kargu horretan izan dan Lourdes Fernándezi, baina azken honen ibilbide profesional barriak Azkuna Zentroari lotuta jarraituko dau, gai artistikoetarako aholkularitza-lanetan.

Bilboko alkateak zorionak eta eskerrak emon deutsaz Fernándezi bere konpromisoagaitik eta profesionaltasunagaitik, besteak beste, eta suberte ona opa deutso etapa profesional barrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu