Bardintasunerako Emakunde Saria emon deutsie Virginia Imaz clown-ari
2018-04-25 08:53 KultureaUmorearen bidez bardintasuna gizarteratu dau, Iñigo Urkullu Lehendakariaren ustez.
Iñigo Urkullu Lehendakariak 2017ko Bardintasunerako Emakunde Saria emon deutso Virginia Imaz clown eta aktoreari, Gasteizen. Lehendakariaren esanetan, Imaz bere umorea edukiz beteteko gai izan da, eta bere ikuspuntua eskaini dau, bai gizartearen inguruan, baita emakumeen eta gizonen arteko bardintasunari buruz be. Virginia sortze eta komunikazino eredu bat da. Umorearen eskutik bardintasuna gizarteratu dau, azpimarratu dau Urkulluk, esan geinke bidaia-laguna izan dogula.
Saria emoteko ekitaldi horretan, era berean, Emakunderen 30. urteurrena ospatu dabe. Han izan dira Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta hainbat sailburu: Josu Erkoreka, Beatriz Artolazabal, Iñaki Arriola, Cristina Uriarte, Bingen Zupiria, Estefanía Beltran de Heredia eta María Jesús Carmen San José.
Bardintasunerako Planak egiturak sortu eta sendotzeko eta administrazino guztiak helburu bardinei begira jarteko tresna eraginkorrak izan dirala azpimarratu dau Lehendakariak. Hori dala eta, nabarmendu dau plan honeek ekarri dauela bardintasunaren alorreko politika bateratua.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak be 30 urteotan egindako aurrerapausoak aitatu eta adierazo dau bardintasunerako momentu oso garrantzitsuan gagozala, izan be, inoz baino bultzada handiagoa emoten dau gizarteak, eta inoz baino gehiago eskatzen dau bardintasunaren alde lan egiteko.
Landaidak, bestetik, esan dau Virginia Imaz umorearen bitartez bardintasuna ideen mundutik emozinoen mundua eroateko kapaz izan dala, emozinoaren bitartez, persona asko sensibilizetea lortu dau, lehen pausoa emakume eta gizonen bardintasunaren alde ekiteko. Imazi emon deutsien saria kultura arloan lan egiten daben persona eta talde guztientzat be badala azaldu dau Emakunde Sarietako epaimahaiak. Erakusten dabe kulturea gizartea eraldatzeko tresna ezin hobea dala.
Epaimahaiaren berbetan, arte eszenikoen alorrean aitzindaria eta barritzailea izan da Imaz, etiketen kontra burrukatu dau eta pailazo ofizioaren duintasuna emon deutso, era honetara, kultura arloko beste hainbat emakumeren erreferente bihurtuz.
Edizino honetako epaimahaian honako honeek egon dira: Emakundeko zuzendaria, Izaskun Landaida; Emakundeko idazkari nagusia, Zuriñe Elordi; Arabako Diputadu Nagusiaren Gabinete Burua, Nekane Zeberio; Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasun Diputadua, Teresa Laespada; Gipuzkoako Foru Aldundiko Politika Sozialen diputadu Maite Peña; EUDELeko Bardintasun arduradun eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe; Repelega Prestakuntza Profesionaleko ikastetxeko bardintasun arduradun Alfonso De Andrés; Emakundeko Prestakuntza eta Programak Arloko arduraduna, Raquel Raposo; EHUko bardintasun zuzendari Leire Imaz; Ermuko bardintasun teknikaria, Begoña Fernández; eta Manuela Cubero Lejarza Batzorde Kontsultiboaren ordezkaria.
Bardintasunerako Emakunde Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren arloan egindako lanagaitik nabarmendu diran persona fisiko zein juridikoak jentaurrean autortu eta lan hori gizarteratu; emakumeek egindako lana aintzat hartu eta emakumeei poterean jagoken lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu diranak saritu, baita sexuen arteko eskubide eta aukera-bardintasuna sustatzen egindako lanetan nabarmendu diranak be. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!