Naturea aldarrikatuz hasi da XI. Gutun Zuria

Bizkaie! 2018-04-25 08:19   Kulturea

Manuel Rivas, Eudald Carbonell eta Stefano Mancuso izan dira inaugurazino ekitaldiko protagonista nagusiak.

Naturara itzultzea, utopia literarioa ete? izenburupean, hasita dagoz dagoeneko Gutun Zuria Nazinoarteko Literatura Jaialdiko jarduerak, Bilboko Azkuna Zentroan. Juan Mari Aburto alkatea buru, kulturearen, politikearen eta gizartearen arloetako konbidadu ugari batu ziran bart inaugurazino ofizialean. Tartean egozan hainbat idazle ezagun, esate baterako, Bernardo Atxaga.

Juan Mari Aburtoren arabera, Bilboren izena kulturearen uria izateagaz lotzen denporea emon dogu eta kultureari eta gure artistei laguntzen segiduteko konpromiso personala dot. Udalaren helburua da bilbotarrek ez deiela galdu kulturearen inguruko interesa.

Natalia de Miguel jantzariaren Clara koreografiagaz hasi zan ekitaldia. Ondoren, barriketaldia egin eben Manuel Rivas idazleak, Eudald Carbonell paleoarkeologoak eta Stefano Mancuso botanikariak. Hirurek naturearen aldeko aldarria egin, eta gizakiak natureari lepoa emon deutsala salatu eben. Mancusok, batez be, landarak aintzat hartzearen alde egin eban: Itsu gagoz landaren aurrean, bizitzearen % 99 begetala da.

Etorkizunaren inguruko kezkea be agertu eben hiru adituek. Bihar izango ez doguna konsumiduten gabiz gaur, bota eban Mancusok. Irakurlearen ordua atalean, entzuleek eurek be parte hartu ahal izan eben. Holan amaitu zan lehenengo saioa, baina gaurtik aurrera literatureagaz lotutako jarduera gehiago antolatu ditue Azkuna Zentroan.

Apirilaren 29ra bitartean, 150 idazlek eta sortzailek baino gehiagok parte hartuko dabe Gutun Zuriaren egitarauan, gaur bertan Maja Lunde eta Lars Mytting izango dira protagonista. Hurrengo egunetan, Terry Tempest Williams, Bernardo Atxaga, Hasier Larratxea, Ixiar Rozas, Maider López, Aingeru Epaltza, Juanra Madariaga, César Aira eta abar pasauko dira Azkuna Zentrotik.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu